Urola Garaiko Mankomunitateko aurrekontuei egindako ekarpenak aurkeztu ditu EH Bilduk
EH Bilduren ekarpenek euskararen garapena lan-munduan, elikadura burujabetza, ekonomia sozial eraldatzailea eta trantsizio energetikoa izan dituzte ardatz. Mankomunitatearen batzarra astelehenean egingo dute, telematikoki. Koalizioak baiezko botoa emango die aurrekontuei.
Urola Garaiko Mankomunitatearen 2021eko aurrekontuei egin dizkieten ekarpenen berri emateko elkartu dira gaur goizean Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko EH Bilduko udal ordezkariak Agirre-etxeberri parkean. Legazpiko Edurne Gonzalez eta Igor Romaratezabala, Urretxuko Nekane Oruesagasti eta Mikel Elgarresta eta Zumarragako Ainhoa Osinalde zinegotziak arduratu dira koalizio abertzaleak egindako ekarpenen aurkezpenaz.
Euskararen garapena lan-munduan, elikadura burujabetza, ekonomia sozial eraldatzailea eta trantsizio energetikoa izan dituzte ardatz ekarpen horiek, eta “hein handi batean aintzat hartu direla ikusirik”, EH Bilduk aurrekontuei baiezkoa esango diela aurreratu zuten udal ordezkariek.
Ekarpenak eta proposamenak
“Euskara normalizatzeko estrategia komun bat lantzea eta sendotzea” ezinbestekotzat jotzen du EH Bilduk, eta lan mundua, hezkuntza eta komunikazioa izango dira bitartekariak. Hala, “enpresetan euskararen diagnostiko labur bat eta euskara planak” egitea, “lanbide heziketa euskalduntzeko pausuak ematea” eta “egitasmo komunikatibo multimedia” baterako lehen urratsak ematea proposatu dute.
Bertatik Bertara egitasmoari buruzko proposamenak ere jaso dituzte EH Bildukoek, “salto kualitatibo bat emateko unea dela uste dugu”. Eskaria eta eskaintza koordinatzea, jangelak eta ekoizleak harremanetan jartzea edo ekintzailetza kooperatiboan eta ekonomia sozialean oinarritutako proiektuak abiaraztea proposatu dute.
Bestetik, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz, eta ekoizleak, merkatariak, ostalariak eta zerbitzuak kontuan hartuz, “online salmentara eta etxez etxeko banaketara bideratutako plataforma baten proiektua” lantzea proposatu dute.
COVID-19aren ondorioekin jarraituz, “orain arteko garapen ereduak eta oinarrian dagoen sistema sozioekonomikoak, gizartea aurreikusi gabeko erronken aurrean” kokatu duela ere adierazi dute, eta eskualdekoak zerrendatu dituzte: “Zaintzak eta bereziki zahartzeari dagozkionak, aldaketa klimatikoa, digitalizazioa, ekonomiaren dibertsifikazioa, lehen sektorearen birformulazioa, etab.” Horiei aurre egiteko, “ekintzailetza sozial kooperatiboa eredu interesgarria” iruditzen zaie.
Europako Next Generation Funtsak ere aipatu dituzte, “iraunkortasunaren arloan, energiaren arloan eta arlo sozio-sanitarioan aurrera eraman daitezkeen proiektu estrategikoak zerrendatu eta diseinatzen hasteko”.
Arlo soziosanitariorako proposamen gehiago ere egin dituzte, “UGLE, UGGASA eta administrazio ezberdinen arteko elkarlanaren bidez” zerbitzuak, formazio eskaintza eta enpresa proiektuak martxan jartzea, besteak beste.
Energia ere “EH Bildurentzat arlo oso garrantzitsu bat” da, eta “2021ean eskualdean burujabetza energetikoan bidea egiten hasteko energia berriztagarrien sistema jasangarri bat aztertzeko proiektu bat” garatzea proposatu dute. Gainera, “ezinbestekoa” iruditzen zaie energia komunitateen kontzeptuan sakontzea, “norbanakoak, enpresa txikiak, elkarteak eta tokiko erakunde publikoak elkarrekin, energia berriztagarriak, eraginkortasun energetikoa edo mugikortasun jasangarria sustatzean oinarritutako jarduerak garatzeko helburua” dutelako.