Miruk inauteria eraman du Segurara
Atzerapenez, baina azkenean ospatu dituzte Inauteriak Seguran. Miruk musika ikusikizuna eskaini die herriko txikienei pilotalekuan.
Aste batzuetako atzerapenarekin, baina Segurako txikienek ospatu ahal izan dute inauteria, Miru lagun izan dutela. Musikaz lagunduta, ikuskizun alaia eskaini du ipuin kontalariak Baratze pilotalekuan gaur arratsaldean. Segurako Udalak eta Haitz Lehor Guraso Elkarteak antolatutako ekitaldia izan da.
Miruren emanaldian inauterietako abestiak eta kontakizunak entzun dituzte ikusleek, eta Euskal Herrian barrena ibili dira, alde batetik bestera, bertako inauterietako pertsonaiak ezagutuz: Zuberoako Maskaradak, Arizkungo Hartza, Mamoxorroak, Lantzeko Miel Otxin eta Ziripot, Iturengo eta Zubietako Joaldunak edota Mundakako Atorrak. Ordubeteko ikuskizuna izan da, eta abestiak eta dantza izan ditu ardatz. Musika pedagogia erabiliz, gorputzeko atalekin soinuak eta erritmoak sortzen ere erakutsi die Miruk segurar txikiei. Baratzera inguratutako haur asko mozorrotuta joan dira gainera.