Compraiders, erosketak etxetik egin eta etxean jasotzeko zerbitzua
Legazpin egingo dute startup hori balioztatzeko probetako bat. Azken bezeroaren esperientziari emango diote garrantzia. Finantziazioa lortzeko bidea eginda dute
Urko Garmendiak Bergarako Dani Rinconekin iaz martxan jarritako Compraiders egitasmoak pauso berri bat eman du, eta laster Legazpin hasiko da zerbitzua ematen. Etxetik erosi eta etxean erosketak jasotzeko aukera eskaintzen du Garmendiak abentura bikotea aldatua du gaur, eta orain, startup edo proiektu horren balidatze prozesuan Ander Maiztegirekin dabil, bergararra hori ere.
Legazpiko lehen probak egiteko bideak ireki dituzte, eta bezeroak lortzeko zerrenda osatzen hasita daude. Enpresa proiektuaren lan eremu geografikoa gehiago zabaltzea da hurrengo erronka, proiektua enpresa bihurtzeko finantziazioa lortzearekin batera.
Legazpiko proba
Ikasketak utzita ditu orain Garmendiak, baina Mondragon Unibertsitatean Leinn edo Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduko bigarren mailan ari zenean hasi zen Rinconekin batera Compraiders egitasmoari forma ematen, iazko martxoan, pandemiaren hasierarekin batera ia-ia. Orduz gero, hainbat proba eta urrats egin dituzte, proiektua balioztatzeko.
Bergaran hasi ziren, azaro inguruan, bertako hainbat komertziorekin. Dendariei bezeroek telefonoz egiten dizkieten erosketak etxera eramateko zerbitzua eskaintzen diete. Harategiak, arraindegiak, lore dendak… denetik dago Compraiders-en zerbitzu hori erabiltzen dutenen artean. Eskaintzen dituzten prezioak oso lehiakorrak dira.
Tolosan ere hasi ziren antzeko probak egiten, eta orain, Legazpin, beste bat egiten ari dira. Kasu honetan, WhatsApp zenbaki bat jarri dute erosleen eskura , 943 56 11 38, bertara idatziz enkarguak eskatzeko. Zenbaki horren perfilean dioenak deskribatzen du eskaintzen duten zerbitzua: «Herriko komertzioetan zure erosketak egiten ditugu. Eskari bat egin eta zure etxean jaso ondoen datorkizun momentuan». Joan den astean hasi ziren lanean, eta emaitzak espero bezain onak badira, telefono aplikazio bat sortuko dute.
Momentuz dena ondo doa, eta hurrengo fase batean sistema hori Donostian edo Bilbon aplikatzen hasiko dira, proba moduan hori ere.
Etorkizun oparokoa
Garmendiak etorkizun oparoa ikusten dio proiektu honi, «nitxo asko dituen sektorea da, eta bezero segmentu asko; gainera, on line salmentak hazten doaz urtetik urtera». Hori esateko, on line dendetan eta marketin digitalean duen esperientzian oinarritzen da. Antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten beste enpresekin alderatuta, bestalde, Compraiders-ek abantaila bat duela nabarmendu du, «azken bezeroaren esperientzia zaintzeari garrantzi handia ematen diogu, eta horretarako banatzaileen lana eta jarrera ezinbestekoa da».
Compraiders startup legazpiar-bergararra martxa onean doa; hasierako urratsak egiten lagundu zien enpresa inkubategia utzi eta proiektu azeleragailu batean daude orain. Horren laguntzarekin, hemendik bi-hiru hilabetera finantziazioa lortuko dutelakoan dago Garmendia.