Goierri garaiko ostalariek Garbera merkatalgunean egindako protestan parte hartu dute
Pandemiaren eraginez sektorea jasaten ari den kaltea eta murrizketak salatzeko mobilizazioekin jarraitzen dute. Legazpiko ostalariek elkarretaratzea egingo dute gaur 20:00etan, Hegialden, Maiatza eta Zabaleta tabernen tartean.
Ostalaritza Aurrera plataformak deituta, protesta ekintza bat egin dute ostalariek gaur goizean Donostiako Garbera merkatalguneko Eroski supermerkatuan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “ostalaritza establezimenduak 20:00etan itxi ondoren, supermerkatuetan, ‘txinoetan’ edo gozoki dendetan alkohola saldu daitekeela salatzeko” egin dute protesta. Bertan, Goierri garaiko hainbat ostalarik hartu dute parte.
Sektoreak mobilizazioekin jarraitzen du, COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoak eta murrizketak salatzeko. Besteak beste, gaur elkarretaratzea egingo dute Legazpin 20:00etan, Hegialden, Maiatza eta Zabaleta taberna artean.