Asteburu morea izan dute Zerainen
Larunbatean bertso saioa eskaini zuten Uxue Alberdik eta Oihana Iguaranek. Atzo, berriz, Lilatoierako elkartu ziren hainbat emakume, eta gaur elkarretaratzea egingo dute 19:00etan.
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, asteburuan ere hainbat ekintza egin dituzte Zeraingo emakumeek. Larunbatean, Uxue Alberdi eta Oihana Iguaran bertsolariek bertso saioa eskaini zuten Mandioko terrazan, Zeraingo Udalak antolatuta. Hemen Uxue Alberdik egindako bertsoa:
Astelehen honek hazi bat dauka
urtetik urte gordea
ongarritzeko ideiak eta
lurra lantzeko goldea.
Zerainen ere hedatuz doa
martxoko haize morea,
urrats batzuek egin ditugu,
ez da nahikoa, ordea,
ondo banatu ditzagun zaintza,
aisia eta umorea,
berdintasuna ez dadin izan
egun bateko lorea.
Atzo, igandea, berriz, ZerainLabek antolatuta, Lilatoian izena eman zuten herriko emakumeek elkarrekin 5 kilometroak egiteko aukera izan zuten, Aizpeako meategi inguruan.
Gaur, aldiz, herriko plazan 19:00etan elkarretaratzea deitu du udalak. Herriko emakume bakoitzari oroigarri bat emango dio.