Txo! kolektiboko emakumeen erakusketa
Emakumezkoen lanak bildu dituzte 'Txo! Koak!' erakusketan. Juan Kruz ileapaindegian dago ikusgai.
Txo! Koak! izenarekin inauguratu berri dute Juan Kruz ileapaindegiko azken erakusketa. Txo! artisten kolektiboko bederatzi emakumek egindako lanak daude ikusgai bertan, apirilaren amaierara arte.
Herritar guztiak daude gonbidatuta erakusketa ikustera. Kale Nagusiko Juan Kruz ile apaindegia 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara dago zabalik astelehenetik ostiralera, eta 09:00etatik 13:00etara larunbatetan.
Sofia Arostegi, Ana Cabezas, Gema Duran, Oihana Insausti, Nagore Olarra, Oaia Peruarena, Lu Sanchez eta Susi J.R eta Zumaian bizi den Olatz Goiburu legazpiarrak daude Txo! Koak! erakusketaren atzean. Guztiak Txo! kolektiboko partaideak dira, eta diziplina desberdinetako lanekin bete dituzte ‘Pelu’ edo Juan Kruz Hernandezen ileapaindegiko paretak: eskultura, zeramika, marrazkia, ordenagailuan landutako irudiak, grabatuak… Ezohiko erakusketa areto hori ez da handia, baina horrelako okasioetarako paretek eman egiten dute, eta beste dimentsio bat hartzen dute.
Ausserladscheider gogoan
Martxoaren 8aren oihartzunak baliatuz, Txo! kolektiboko emakume artistei gorazarre egitea da erakusketa honen helburua.
Bestetik, duela bi urte pasa hil zen Carlos Ausserladscheider gogoratzea ere nahi dute antolatzaile erakusketarekin, haren proiektuetako bat zelako, bere garaian aurrera eraman ezin izan zena.