Lezoko eta Elgoibarko dantzari gazteen aurreskuak, onenak
Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako Gazteen Gipuzkoar erako Aurresku Txapelketaren hirugarren edizioa martxan jarri da, larunbatean Legazpiko Latxartegin jokatutako lehen kanporaketarekin. Lezoko Mikel Esnaolak irabazi du B sailean, eta Elgoibarko Eneko Etxanizek D sailean. Legazpiko zazpi dantzariek lan bikaina egin dute.
Sustraiak dantza taldeak eta Legazpiko Udalak antolatuta, eta Goiz Deiako txistularien laguntzarekin, III. Gazteen Gipuzkoako Aurresku Txapelketaren lehen kanporaketa jokatu zen Latxartegin larunbat arratsaldean, B eta D sailetan banatutako 37 dantzariekin, 2010 eta 2006 urte bitartean jaiotakoak guztiak.
Bi orduko ikuskizunaren ondoren, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko kideek osatutako epai mahaiak Lezoko Mikel Esnaola izendatu zuen B saileko irabazlea; bigarren eta hirugarren Lezoko Inge Olaizola eta Pasaiako Danel Castillo izan ziren. D sailean, aldiz, irabazlea Elgoibarko Eneko Etxaniz izan zen, bigarrena Lezoko Ane Jaunarena eta hirugarrena Naroa Arretxe villabonatarra.
Sustraiak taldeko Amaia Azpeitia, Ekain Maniega, Irune Azpeitia, Laia Arruabarrena, Markel Garmendia, Maria Sanchez eta Naroa Sanchez ere aritu ziren lehian, lan bikaina eginez.
Legazpiko dantza taldeak eskerrak eman nahi dizkie dantzariei eta irakasleei, Goiz Deia txistulari bandako kideei eta herriko udalari, Legazpi berriz ere aurreskuaren erreferente bihurtzeagatik.