Realaren autobusak Legazpin hasi du banderak trukatzeko Goierriko ibilbidea
Lurralde osoa ari da zeharkatzen autobusa, apirilaren 3ko Kopako finalari begira herriz herri banderak trukatzeko. Urretxun eta Zumarragan ere izan da. Bihar jarraituko du ibilbidea.
Realaren autobusak minutu gutxiko geldialdia egin berri du Legazpin udaletxe aurrean, apirilaren 3an taldeak Sevillan Athleticen kontra jokatuko duen Kopako finalari begira herriko udalarekin banderak trukatzeko. Finala zalerik gabe jokatuko denez, gipuzkoarrak gertu sentitu nahi dituzte Realekoek, eta horregatik gaur eta bihar bitartean, futbol taldearen autobus ofizialak herriz herri zeharkatuko du lurralde osoa. Udalerriaren bandera jasoko dute herri bakoitzean, Cartuja futbol zelaira eramateko, eta Realarena utzi. Udalek udaletxeko balkoian jarriko dute talde txuri-urdinaren oihala.
Legazpin hasi du Goierriko ibilbidea Realaren autobusak, eta hemendik Urretxura eta Zumarragara joan da. Bihar jarraituko du herriz herriko bira.