«Pintura inpresionistari hurbilketa bat dira argazkiak»
Ohiko argazkigintzatik aldenduz eta esperimentazioari helduz, inpresionismora hurbildu da Iosu Garai bere azken lanetan. Kultur etxean erakutsiko ditu 'Zaindu' izenburupean, eta liburuan ere bildu ditu.
Erakusketa eta liburua. Argazkilari emankorra zara.
Ez dakit emankorra den hitz egokiena… Pandemia dela eta itxialdiak direla, artxiboari astindu bat emateko, web orria eguneratzeko eta hau dena prestatzeko baliatu dut.
Inpresionismoa da erakusketaren ardatza.
Inpresionismoaren ezaugarriak dira gutxi gora behera erakusketako argazkietan ikusi daitezkeenak. Pintura inpresionistari hurbilketa bat dira, saiakera bat behintzat. Inpresionismoa teknika piktoriko bat da, abstrakzioa edo surrealismoa bezala.
Inpresionismoaren zein ezaugarri ikus daiteke zure argazkietan?
Kolorea, atmosfera eta argia, hasteko. Pintura edo kolore primarioekin lan egiten da, margolariak ez ditu koloreak nahasten paletan, baizik eta mihisean zuzenean. Ni ere hori egiten saiatu naiz. Baina argazkilariok ez dugu mihise zuri bat aurrean, eta gu aurrean daukagunarekin hasten gara, guk horrekin jolasten dugu. Margolariek abantaila bat dute horretan.
Inpresionismoaren beste ezaugarri bat da margolariek pintzelkada azkarrekin lan egiten dutela, eta efektu hori kameraren mugimenduarekin egin dut, definizio ez definizio hori lortzeko. Horrekin lotuta, ertzak ez dira oso nabariak, ez pinturan ezta kasu honetan nire lanetan ere. Horregatik, obra urrutitik ikusi behar da, hurbiltzen bazara ez dakizulako zer den, atzeratu ahala ikusten dira formak.
Kamera mugituz bakarrik lortu duzu definizio ez definizioa?
Teknika desberdinak daude, eta baselina filtroetan jarrita ere lortu daiteke, baina erakusketan ez dago horrelako argazkirik, liburuan bakarrik. Teknika gehiago ere badaude: esposizio anitzaren erabiltzea, ur tantak kristaletan… Lan asko eskatzen duten teknikak dira.
Bestela, argazkiak ez daude digitalki tratatuak, ez dut erabili programa informatikorik, nire argazki guztietan bezala.
Zuretzako berria al da inpresionismoa?
Badira 15 urte lantzen hasi nintzela, lan batzuk diapositibetan ere egin nituen. Ez ditut erakutsi sekula, lanak niretako egin ditut orain arte, baina kalitatean pauso on bat egin dudala iruditzen zait, eta orain da momentua.
Noiztik ez duzu erakusten?
Urteak ziren nik bakarrik erakusten ez nuela. Orain, etxetik abiatu eta ea zer nolako ibilbidea egiten duen erakusketak. Urretxun izango da ondoren,
Izenburuak badu beste zati bat, zaindu dioena. Zergatik aukeratu duzu?
Gaixotasun xelebre honekin lotuta dago, eta zientifikoek esaten digutena ere ekarri nahi izan dut, bioaniztasuna zaindu beharra dugula, hori galtzen ari garela eta horregatik pandemiak etortzen direla bata bestearen atzetik. Gure basoek bioaniztasunetik asko dute, eta horrekin lotura egin nahi izan dut. Zaindu behar ditugu basoak, galtzen ari gala basoak, ez ditugulako zaintzen… Kutsu hori eman nahi izan diot erakusketari. Eta kasualitatez, martxoaren 21a basoen nazioarteko eguna izan da.
Liburua ere aurkeztu behar duzu.
Bai, Art Nature, inguruan egindako argazkiz osatuta. 203 orri ditu, eta 190 irudi, koloretan. Ostiralean aurkeztuko dut.
Nola dago egituratuta?
Hiru zati ditu. Lehenengoan makroak edo detaile txikiak jaso ditut, baina argazki bereziak dira, teleobjetiboarekin egindakoak direlako: intsektuak, perretxikoak, loreak… Bigarren zatia inpresionismoarena da. Eta hirugarren zatian abstrakzioa landu dut. Eremu zabala da abstrakzioarena, eta horretan ari naiz orain poliki-poliki. Isabel Diez San Vicente eta Juan Tapia argazkilariek liburu honetarako espreski idatzitako kolaborazioak ere jaso ditut, begirada pertsonalari buruz eta sormenari buruz, hurrenez hurren.
Aurreko biak ez bezala, salgai jarri duzu liburu hau.
Aurreko liburuak, bidaietakoak, pertsonalagoak ziren, zuri-beltzean, oraingoa publikoagoa da. Nire webgunean eros daiteke, www.iosugarai.com, baita erakusketan ere. Kalitate handiko lana da, paper eta formato txukunean egindakoa.
Erakusketara bisita gidatuak, eta liburua salgai
Apirilaren 15era arte egongo da ikusgai Iosu Garairen Zaindu; inpresionismoari keinu bat erakusketa kultur etxean. Basoa gai hartuta, kolorez zipriztindutako 80×64 tamainako 15 argazki dira. Erakusketa orduetan, Garai bera izango da bisita gidatuak egiten. Erakusketan aurkitu daiteke, baita ere, argazkilari honen Art Nature liburua, makroak eta irudi inpresionistak eta abstraktoak jasotzen dituena. Ostiralean aurkeztuko du, 19:00etan. Salgai dago 30 euroan, erakusketan eta www.iosugarai.com webgunean.