Musikari dena emandakoa
Aitak transmititu zion musikarekiko zaletasuna, Iñigo semeari pasa dio berak ere. Patxi Caballero akordeoia jotzen hasi zen umea zela, eta ia bizitza osoa eman du musikaz inguratuta.
Extremaduran jaioa, bi urterekin etorri zen Legazpira Patxi Caballero Hurtado (1954, Valle de la Serena, Badajoz). Aita Franciscok akordeoia jotzen zuen, eta berak transmititu zion musikarekiko maitasuna. Patxiren Iñigo eta Ane seme-alabak Badajozetik Legazpira etorritako musikarien hirugarren belaunaldia dira.
Francisco aitak artzain lanak egiten zituen gaztetan, baina haiekin amaitu eta gero, musika ikastera joaten zen. Akordeoia jotzen ikasi zuen gero, eta aitak lagundu ez bazion ere, bat erosi zuen dirua handik eta hemendik lortuta. Akordeoi diatonikoa zen, eta gordeta du Patxik.
Eta harekin, pena handi bat, etxeko egoera ekonomikoagatik gaztetxoa zela lanean hasi,eta musika ikasketetan sakontzeko aukera galdu zuelako.
Musika ez zuen utzi, baina horrek zauria utzi zion bihotzean. Mina arinduta du dagoeneko, Iñigo semeak berak egin ezin izan zuen bideari ekin ahal izan diolako; Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan dabil, gitarra ikasten. Ane alabak, berriz, pianoa jotzen ikasi zuen.
Akordeoi boskotea
Akordeoia beti izan dute presente Caballerotarren etxean. Aitak erakutsi zion oinarrizkoa Patxiri, baina Kontxita Biterirekin ikasi zuen solfeoa, eta gero akordeoiarekin hasi zen. 1968tik aurrera, larunbatetan Donostiaraino joaten hasi zen, Mikel Bikondoaren klaseetara, Jose Manuel Paternain, Arantxa Ibarreta, Alfonso Fernandez eta Antton Urtzelairekin batera.
Boskotea osatu zuten gero bost legazpiar gaztek, lau akordeoi on erosita. «Gurasoek sakrifizio ederra egin zuten haiek erostean. Victoria markakoak ziren, onenetakoak», gogoratzen du Patxik. Garai hartan Legazpin musika mugimendu handia zegoen, eta emanaldi asko egin zituzten, Eslesa aretoan; kanpora ere joan ziren, Burgosko Miranda Ebrora, adibidez. Donostiako eskolako beste akordeoilariekin orkestra batean ere jotzen zuten, eta haiekin Parisen izan ziren.
Baina Legazpiko akordeoilarien lorpenik handiena Alemaniako Bonn hiriko lehiaketan banaka irabazitako sariak izan ziren, 1970ean. Boskote bezala ere parte hartu zuten, eta garaikurra irabazi zuten. Guztira 22 eguneko egonaldia egin zuten, eta Alemanian, Suitzan eta Frantzian zehar ibili ziren, «oso esperientzia aberasgarria izan zen hura!».
Musika taldez talde
Baina beste musika mota batzuk erakarrita, boskoteko kideak banandu egin ziren, eta Patxik ia gaur egunera arte iraun duen ibilbidea abiatu zuen, musika taldez talde, erromeriaz erromeria, eta ezkontzaz ezkontza.
Patrizio Etxeberrian lanean ari zela, soldadu joateko ordua iritsi zitzaion. Kanaria Handia egokitu zitzaion, eta akordeoi eta guzti joan zen bertara. Musikaria izanda, banda militarrean sartu zen, eta tabernetan jotzen ere hasi zen, turistentzat. Gero, musika talde batean sartu zen, baina ez akordeoia jotzen, baizik eta teklatua. Boisotos zuen izena taldeak, eta haiekin irla osoan zehar ibili zen, dirua irabaziz.
Soldadutza amaitutakoan hilabete bat geratu zen han lanean, baina etxeko egoera ekonomikoa ikusita, herrira itzuli zen. Hemen ere, musika taldeetan jotzen hasi zen. Urretxuko Eros izan zen haietako bat. Urola bandan ere ibili zen gero; larunbatero Zumarragako Tiffanys diskotekan jotzen zuten orduan.
Urola desegin ondoren, Legazpiko Josean Rodriguez Campeon-ekin Legazpi bikotea osatu zuen eta sintetizadoreak eta bestelako tresnak lagun zituztela, Bizkaia osoan zehar ibili ziren, dantzaldietan eta ezkontzetan. Hirugarren laguna gehitu zitzaien gerogo, Enrique Sanz baxu jotzailea, eta Legazpi hirukote bihurtu zen. Urteak egin zituen Legazpi taldeak, lan asko eginez, baina azkenik, nekatuta, banandu egin ziren. Campeon bere aldetik joan zen, eta Patxik Sanzekin jarraitu zuen tarte batean. Beste bikote bat ere osatu zuen gerora, Patxi y Ruben, eta horrekin ere ezkontzetan ibili zen jotzen.
Hura ere desegin zen, eta azken etapa bakarka egin zuen Patxik. Bals, tango, pasodoble eta kalejiren artean igaro zituen azken urteak, ezkontzaz ezkontza.
Nagusilanen boluntario
Bizimodu hari amaiera eman zion Patxik, baina musika ez du alboratu. Etxean estudio txiki bat du muntatuta eta han jarraitzen du lanean. Azken aldian, gainera, akordeoiari heldu dio berriz ere, Nagusilan elkarteak emandako aukerari esker.
Boluntario lanetan dabil orain, eta horren barruan kokatzen da Gabonetan Santikutz egoitzan egoiliarrentzako akordeoiarekin egin zuen emanaldia, Iñigo semea gitarrarekin ondoan zuela. Emanaldi hunkigarria izan zela dio, eta berriz horretarako aukera noiz etorriko den zain dago orain.