Carlos Vico: «Zuk mehatxu bati aurre nola egiten diozun da biziraupena»
Ekhinaz zentroaren eta Luma arku tiraketa elkartearen eskutik, beldurrari buruzko hitzaldiak eta biziraupen tailerra izango dira asteburuan. Vico adituak emango ditu.
Zein erlazio dute beldurrak eta biziraupenak?
Biziraupenari buruz hitz egitean jendeak Rambo du buruan… Zuk mehatxu bati aurre nola egiten diozun da biziraupena, eta mehatxu horretara hurbiltzen zarenean jokoan sartzen diren faktoreak. Beldurra da horietako bat, eta beldurra eta burua kontrolatzen badituzu, paralizatzera eraman zaitzakeen panikoari edo izuari aurre egingo diozu.
Zer da izua?
Biziraupen institu hutsa, eta desberdindu egin behar da beldurretik, beldurra informazioa delako. Beldurra da buruak mehatxu baten aurrean nire puntu ahulak nola azaleratzen dituen. Beldur horiek ez baditut ondo kudeatzen, izua iritsi daiteke.
Izua txarra al da?
Ez da txarra, azkenean bizirik mantentzen lagundu digu. Baina niretako hobe da horretara ez iristea. Zerbait gertatzen denean blokeatu egiten banaiz, zein puntutan blokeatu naizen ikusi behar dut, zeren beldur naizen aztertu, eta hori kudeatu eta estrategiak landu, antzeko egoerei aurre egin ahal izateko.
Eskoletan beldurraz hitz egingo duzu. Zergatik?
Beldurrak gure izaeraren %85-90a osatzen du, eta nola janzten garen, nola hitz egiten dugun, nola jokatzen dugun… gidatzen du. Azken batean, gizartean gure lekua izatea nahi dugu, baina gaztetxoek leku hori bilatzean kanpoko erreferenteak begiratzen dituzte, arrakastatsuak, eta horiek kopiatzean sortzen dira beldurrak. Sare sozialen gaia landuko dugu, eta nola eragiten dien erakutsiko diegu.
Nire ustez ikastetxeek gehiago landu beharreko gaia da emozioena, eta beldurra da gutxien ulertzen den emozioa.
Tailerrean, berriz, biziraupena landuko duzu.
Mendian galtzen bazara, hipotermia baten aurrean, txorkatila hausten baduzu, erori eta zauri handi bat egiten baduzu… ingurunea kontuan hartuz zer egin dezakezun ikusiko dugu.
Nola iritsi zara mundu honetara?
Txikitan denbora asko igarotzen nuen nire aitona Balbinorekin; isileko ehiztaria zen eta egun osoa egiten zuen mendian. Gero, 2008ko krisiaren eraginez, etxeko eraikuntza negozioa itxi egin behar izan genuenean, mendira jo nuen berriz. Hasieran lagunekin joaten nintzen asteburu pasa, nik nekiena erakustera, baina handik gutxira zortzi-hamar lagun etortzen hasi ziren. Horregatik, Survival Xtreme biziraupen eskola sortu nuen.
Non dago eskola?
Montserrat inguruan (Bartzelona) dugu egoitza, baina eskatzen duten lekuetara joaten gara. Jende asko pasa da bertatik, Ingalaterrakoak, Estatu Batuetakoak, Frantziakoak, Italiakoak…. baita militarrak ere.
Gaian espezialista zara.
Nik dakidana erakusten dut. Ingurunea irakurtzen erakutsi zidan aitonak, eta hortik abiatuta, bidaiak egiten hasi nintzen, egoera desberdinetan biziraupenari buruz gehiago ikasteko eta neure burua probatzeko… Horrelakoetan, burua ondo prestatuta izateak duen garrantziaz jabetu naiz, teknikak jakitea baino garrantzitsuagoa da.
Egoera gordinak jasan dituzu.
Bai, Groenlandian izotz plaka baten gainean nengoela, puskatu egin zen eta uretara erori nintzen; ateratzea lortu nuen, baina erreskatea 14 ordu geroago iritsi zen, eta tarte hori -24 graduko tenperaturarekin, haize indartsuarekin eta bustita igaro nuen!
Liburu batean jaso zenuen.
Handik jota etorri nintzen, eta gertatutakoa idazteak lagunduko zidala esan zidan lagun batek. Eta hala egin nuen, Superviviente. El miedo bajo control izan zen emaitza. Izua irrazionala da, baina izu hori adierazteko hitzak aurkitzen dituzunean, arrazoizko bihurtzen da, beldur bihurtzen da, eta beldurrarekin lan egin daiteke. Hori egin nuen nik.
Telebistan ere aritzen zara…
Bai, lehen ateratzen nintzen, orain proiektu bat daukat esku artean, eta hemen, larunbat goizetan ETB-1eko Mara Mara saioan biziraupenari buruzko tartetxo bat daukat, aholkuak edo teknikak eskaintzeko.
Biziraupena, herritar guztien eskura
Beldurra eta biziraupena ardatz hartuta, agenda bete-betea du bi gai horietan espezialista den Carlos Vicok Legazpiko egonaldian.
Ekinhaz zentroko Idoia Gardek eta Luma elkarteak deituta etorri da. Publiko orokorrari zuzendutako hitzaldi bat eman du dagoeneko, atzo, kultur etxeko areto nagusiko edukiera betez, eta gaur Domingo Agirre eskolako eta Olazabal institutuko ikasleekin egongo da, bi kasuetan beldurrari buruz hitz egiteko.
Bihar biziraupen teknikak ikasteko tailerra emango du, arku tiraketa praktikatzeko Barrendiola inguruan dagoen gunean.Tailerrean, besteak beste, lehen sorospenak, sua egiteko modu desberdinak, inprobisatutako babes lekuak eta laguntza eskatzeko seinaleak nola egin erakutsiko ditu.
Tokia dago oraindik, eta izena emateko 623 390 797 telefonora deitu behar da.