Egoera larrian dauden herriak itxi egingo dituzte
Ostalaritzaren jarduna ere mugatu egingo dute: barruan gosaltzeko eta bazkaltzeko orduetan bakarrik kontsumitu ahalko da. Beasaini, Lazkaori eta Ordiziari eragingo die neurriak
Covid-19aren aurkako prebentzio neurriak gogortu egingo dituzte, berriz ere. Baina ez herri guztietan, soilik 100.000 biztanleko 400 kasuetako baino intzidentzia handiagoa duten herrietan. Murriztu egin dute kopurua, orain arte 500ekoa baitzen. Bihar argitaratuko da neurriak aplikatuko diren herrien zerrenda, baina gaurko datuei erreparatuta, Beasain, Ordizia eta Lazkao barruan leudeke. Neurriak astelehenean sartuko dira indarrean.
Zerrendako herriei itxiera perimetrala aplikatuko zaie. Hau da, ezingo da herrigunetik irten. Hiru salbuespen izango dira: erosketak egiteko, aire zabalean kirola egiteko eta gaua igarotzeko erreserbaren bat eginda badago.
Ostalaritzaren jarduna ere mugatu egingo da. Barruan soilik gosaltzeko eta bazkaltzeko orduan kontsumitu ahalko da, 6:30etatik 9:30era eta 13:00etatik a 16:30etara. Apostu etxeek eta joko aretoek zabaltzeko aukera izango dute, baina ezingo dute jan-edanik zerbitzatu.
Kirolari dagokionez, barruko espazioetan launaka egin beharko da. Gainera, aldagelak itxi egingo dira. Igerilekuen kasuan, edukiera %35era mugatuko da eta dutxak banaka erabili ahalko dira.