Ikasek "hezkuntza eredu osoa" iraultzeko borroka egingo duela iragarri du
Manifestazioa egin zuten atzo Beasainen. Hezkuntzako egoera "tamalgarria" dela salatu zuten. Hezkuntzaren kalitate behera doan bitartean espresio autoritarioak gora doazela diote
Ikas ikasle autodefentsa sareak mobilizazioak egin zituen atzo. Goierriko elkarretaratzea Beasainen egin zuten. 200 bat ikaslek manifestazioa egin zuten herrigunean, Bideluze plazatik abiatuta, ikasle langileon batasunaz autoritarismoari kaña lemapean. “Hezkuntza eredu osoa iraultzera goaz”, ohartarazi zuten.
Joera autoritarioak ugaritzen ari dira ikasleen ustez, “hezkuntza kalitatearen beherakadarekin batera”. Egoera “tamalgarria” dela salatu zuten ekitaldiaren amaieran irakurritako manifestuan. “Krisi testuinguruan hasi dugu ikasturtea. Kapital metaketa bermatzeko hezkuntzaren berregokitzapena ere ezinbestekoa izan zaie, eta gu izan gara honen ondorioak pairatu behar izan ditugunak”. Covid-19aren aukako neurrien aitzakipean, biltzeko eskubidea urratu dietela, komunera joateko ere izen abizenak eman behar dituztela eta azterketak areagotu egin dizkietela zerrendatu zuten. “Agindutakoa bete ezean zigorrekin mehatxatu gaituzte. Askotan baita zigortu ere”.
Beldur dira neurriok ez ote diren indarrean mantenduko pandemia gainditzen denean ere. “Aurtengo ikasturteak aurrekariak jarriko ditu”, baieztatu zuten. “Ez dira pandemiarekin baretzearekin batera desagertuko diren aldaketak”.
Erantzun antolatu baten beharra azpimarratu zuten. “Gure eskubideen defentsarako mekanismoak garatzeko beharraz jakitun, borrokari ekin diogu”. Borroka da bide bakarra, autodefentsa antolatu eta hezkuntzaren gaineko langile kontrola oihuak entzun ziren manifestazio osoan zehar. “Ikasle langileon defentsa egiteko bide bakarra hau dela frogatu dugu”, esan zuten: autoritarismoaren neurri “asko” neutralizatzea lortu dituztela baieztatu zuten, “infantilizazioaren, diziplinamenduaren eta askatasun politikoen zein kontrol sozialaren espresio ezberdinen adierazle diren neurriak”. “Ez dezatela pentsa borroka partzial eta txiki batzuekin gure iraultza grina asetuko denik”, gaineratu zuten.