Jakitea elkarteak ebakiko du Idiazabal Gazta berria apirilaren 7an
Oiangu baserrian egingo dute denboraldi berria iragarriko duen ekitaldia, Ordiziako Udalak, Idiazabal Gaztaren Jatorriko Izendapenak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak, 11:00etan. Idiazabalgo Gaztañaditxuloko Ander Barandiaran eta Goiburu gaztandegia sarituko dituzte. Joxe Mari Ustarrozi aitortza egingo diote.
Aurten ere ez da posible izango ohiko Ordiziako Artzain Eguna eta Idiazabal Gazta berriaren ekitaldia ohiko moduan egitea. Hala ere, aurten, iaz ez bezala, data behintzat errespetatuko dute gaztaren denboraldia hasteko. Unean uneko segurtasun neurriak betez, Oiangu baserriaren kanpo aldean (eguraldi txarrarekin barruan) elkartuko dira apirilaren 7an, 11:00etan, Ordiziako Udaleko, Idiazabal Gaztaren Jatorriko Izendapeneko eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideak, eguneko protagonistekin batera. Ekitaldia itxia izango da.
27. ekitaldiko gazta ebakitzea Jakitea elkarteak egingo du. Sukaldaritza tradizionala sustatzen duen elkartea da Jakitea. Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen esanetan, “betiko euskal sukaldaritzak sortutako platerak eta bere tradizioari mantentzen dioten sukaldariak indartzeko eta sustatzeko helburuekin jaio zen”. Horretarako, “kalitatezko produktuak, inguruko ekoizleak, Km O produktuak eta jatorriko produktuak” erabiltzen dituzte. Ekitaldi honekin, ostalaritzari ere keinu bat egin nahi izan diote Ordizian, COVID-19aren ondorioz bizitzen ari diren egoeraren harira.
Aitortza Joxe Mari Ustarrozi
Aurten ez dute ohiko omenaldirik eskainiko baina aitortzarako unea hartuko dute: 17 urteko jardunaren ondoren Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakaritza utzi duen Joxe Mari Ustarrozi.
Erregulartasun sariak Idiazabalera
Gazta ebakitzearen momentuarekin batera, Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenak 2020 urteko sariak banatuko ditu. Kontseilu Erregulatzaileak kalitate eta erregulartasunagatik bi gazta egile sarituko dituzte:
- Artzain ekoizle saritua: Ander Barandiaran Mujika, Idiazabalgo Gaztañaditxulokoa.
- Gaztandegi saritua: Idiazabalgo Abel Goibururen Goiburu Gaztandegia.
Ekoizpen datuak
2020an 126 gaztandegiek 1.375.318 tona gazta ekoitzi ziren, 2019an baino %3 gutxiago. Salmentari dagokionean, artzainek salmentarako aurkitu dituzten modu berriei esker eta herritarren konpromisoari esker, antzekoa izan da.