Lazkao iparreko industrialdea eta Hiribarren kalea berritzen hasi da
Ibabe eta Hiribarren industri guneen urbanizazioa berrituko du udalak. Lanek urte erdia iraungo dute. Aparkalekuak bidez beste aldera mugituko dituzte
Astelehenean hasi ziren Lazkaon 2019-2023 agintaldiko proiektu «garrantzitsuenetako» bat egikaritzen. Ibabe eta Hiribarren industrialdeak dauden eremuan hirigintza-berrikuntzak egingo ditu udalak. Lanek 772.920,70 euroko aurrekontua daukate, eta sei hilabeteko iraupena aurreikusi dute. Sasoi Eraikuntzak enpresa nafarrak hartu du esleipena, eta hasi da lanekin.
Eremu zabala berrituko dute, 6.596 metro koadroko azalera. Lehenbizi Ibaberekin hasi dira, Senpere aldean, eta bigarren ekinaldian iritsiko dira Lazkao alderago dagoen Hiribarrenera.
Jardueraren muina Hiribarren kalea bera berritzea izango da, Senpereko biribilgunetik hasi, eta Hiribarren-20 zenbakidun etxebizitza pareraino. Zorua harrotu, lurpeko saneamendu, ur eta argiteria azpiegiturak berritu, eta azal berria botako zaio.
Horrez gain, erreien banaketa ere aldatuko da: espaloi-bidegorrien aldamenean mantenduko dira horiek, duela urte gutxi eraikiak baitira autoak aparkatzeko ilara sortuko dute. Pabiloien aldean gaur egun dauden aparkalekuak ezabatu, eta han ere ilarako batzuk jarriko dira.
Lazkao eta Beasain lotzen dituen barruko bidea, berriz, zabaldu egingo dute.
Enpresentzat ingurunea
Udaleko bi alderdiak ez ziren bat etorri proiektua onartzerakoan. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, premia larririk ez ikusi eta. Kepa Zubiarrain alkateak (EAJ), bere aldetik, «Lazkaoren etorkizunerako proiektua» dela defenditu du Ibabe-Hiribarren berritzea. «Enpresentzat ekosistema erakargarri bat sortzeko da, horrela enplegua sustatzeko, irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatzeko, eta lazkaotarrei herri atsegina eta beharrezko azpiegiturak dituena eskaintzeko».