Manifestazioa egin dute Legazpin Baleike enpresak kaleratutako langilearen alde
CCOO-kk deitu du, Legazpiko lantegian sindikatu horren ordezkaria den langilearen "jazarpena" eta kaleratzea salatzeko. Euskal Herria plazatik lantegira arteko ibilbidea egin dute.
Dozenaka lagun elkartu dira gaur eguerdian Legazpiko Euskal Herria plazan CCOO sindikatuak deituta, Baleike enpresan langile bat kaleratu izana salatzeko eta haren berronarpena eskatzeko. Manifestazio jendetsua eta zaratatsua egin dute ondoren lantegiraino.
Manifestazioa abiatu aurretik, CCOOko Gipuzkoako idazkaria den Loli Garciak adierazi duenez, langile horren aurkako “jazarpen sindikala” salatzeko helburuarekin elkartu dira Legazpin. Langilea CCOOko ordezkaria da Baleikeren enpresa batzordean, eta “bidegabeki kaleratua izan da, haren kontra salaketa faltsuak eginda”. Enpresak, azken batean, “lan baldintza justuen alde lan egitearen eta negoziatzearen aurka egin du”. Kaleratutako langileak lan osasunaren arloan jardun du lanean Baleiken, kultura prebentibo baten alde, eta enpresak “frogarik gabe” salatu du, azkenik, diziplinazko kaleratzearen bitartez, kalera bidaliz. Alde horretik, “praktika mafiosoak” leporatu dizkio enpresari.
Arkaitz Antizarrek, berriz, azken zazpi urteetan egoera honetan dauden bigarren aldia dela gogoratu du. “Aurrekoan enpresak berronartu egin behar izan zuen langilea, ez zegoelako inolako frogarik haren aurka”. Lan osasunaren eta prebentzioaren arloan langile horren “ekintza sindikala oso bizia” izatea da, Antizarren ustez, kaleratze honen atzean dagoena, eta enpresari haren aurka “muntai” bat egitea leporatu dio. Oraingoan ere berronartua izatea espero dute.