Ordiziako EAJ: "EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen irizpide aldaketak erakusten du, lehen oztopoak jartzea zela helburua"
EAJk ez du 2021erako aurrekontua babestu eta kontra bozkatzeko arrazoiak azaldu ditu. Gainera, EH Bilduri eta Podemosi leporatu diote, Enirio-Aralarko Mankomunitean hartu beharreko erabakietan, udalaren postura finkatzeko bi alderdiek onartutako mozioa ez direla betetzen ari.
Iragan ostegunean onartu zuen Ordiziako Udalbatzak 2021 urterako aurrekontua eta udal langilegoaren zerrenda, besteak beste, eta Ordiziako EAJk balorazioa egin du orain. Jeltzaleek adierazi dute “sentsazio gazi-gozoarekin” geratu direla, EAJ udal taldearen iritziz “ostegunean onartu zen aurrekontua ez delako Ordiziak 2021erako behar duena, baina hasiera batean aurkeztutakoa zertxobait zuzendu du udal gobernuak EAJk eskatutako norabidean”.
Bittor Bolinaga EAJko bozeramaileak esan duenez, “hasiera batean aurkeztu ziguten aurrekontuak, 632.335,96 euroko aurrezki garbi negatiboa ematen zuen, batez ere pertsonal gastuaren gehiegizko igoerarengatik, kapitulu horrek 481.432,64 euroraino egiten baitzuen gora aurkeztutako aurrekontuan”. Ordiziako EAJ, pertsonal gastuetan baino nahiago luke inbertsioak handituko balira. Bolinagak adierazi duenez, “bizi dugun testuinguruan, momentu honetan beharrezkoak diren inbertsioak egiteko zorpetzea egokia izan daiteke, baina ez kontsolidatuta geratuko den pertsonal gastua handitzea”. Eta adibide bat jarri du Bolinagak: “Ez da lanpostu berriak sortzeko une egokia, ez zaigu beharrezkoa iruditzen, adibidez, komunikazio arduradunaren lanaldia %50etik %100era igotzea”.
EAJk dio, “inbertsioen atalak jasotzen zuen COVID-19ari aurre egiteko 10.000 euroko partida oso exkaxa ikusten” zutela, “eta gutxienez 2020an izan den adinako partida, hau da, 278.000 euro eskatu” zutela, “75.000 euroko partida enpresa txikiei digitalizazioan eta merkatu berriak bilatzen laguntzeko, eta 203.000 eurokoa sektore kaltetuenei laguntzeko (ostalaritza, merkataritza, bidaia agentziak, autonomoak, kultura…)”.
Bestalde, “etorkinak euskarara gerturatzeko programa baterako 20.000 euroko partida eta aurreko legealdian oposiziotik behin eta berriz eskatzen zuten eta ia gauzaturik dagoen Ospakizun Zibiletarako lokala bukatzeko 15.000 euroko partida ere aurrekontuan txertatzea eskatu genuen”.
Bolinagak nabarmendu du, “aurrekontuen baitan izandako elkarrizketen ondorioz, udal gobernuak aurrekontua EAJk adierazitako norabidean hobetu” zuela, “pertsonal gastuetarako hasiera batean aurreikusitako 481.432,64 euroko kopurua, 342.250,89 eurora jaitsiz eta COVID-19ari aurre egiteko 10.000 euroko partida, 100.000 eurora igoz”. Baina, “behin betiko proposamena EAJk egokitzat emango lukeenarengandik oso urruti geratu zen, eta horregatik, aurka bozkatu” zutela.
“Ulerkaitza”
Badirudi Ordiziako EAJ harrituta dagoela, “zenbait inbertsiotan aurreko legealditik oraingora, EH Bilduk eta Podemosek izandako jarrera aldaketagatik, ulergaitza da!”. Bolinagak esan duenez, bai EH Bilduk bai Podemosek, “aurreko legealdia behin eta berriz exijitzen zuten ospakizun zibiletako lokala bukatzeko 15.000 euroko partidari ezezkoa eman diote, eta lokal hori Amets Bide Dantza Taldeari utzi zaio”.
Bestalde, “aurreko legealdian oposiziotik oztopatu zituzten Osakidetzako lokalaren handitzea eta artxiboen leku aldaketa, inbertsiotan sartu dituzte orain”. EAJren ustez, “jarrera aldaketa hori ere nabarmena da Enirio-Aralar Mankomunitateko gaiak lantzeko moduaren ere, EH Bilduk eta Podemosek Mankomunitateko gaiak lehenik Ordiziako Udal batzatik pasa behar zirela jasotzen zuen mozio bat onartu bazuten ere, legealdi honetan mozio horren edukiak ez dira betetzen ari”. Horren harira, Bittor Bolinagak galde-erreguen tartean aurpegiratu zien bi taldeei, bezperan Mankomunitatean onartu zen aurrekontua udalbatzara ez ekarri izana. “Bai EH Bilduk eta bai Podemosek, aurreko legealdian eta honetan, gai askoren inguruan duten irizpide aldaketak argi eta garbi erakusten du, bere garaian esaten eta egiten zutena, udal gobernuari oztopoak jartzeko helburu bakarrarekin egiten zituztela, Ordiziaren eta ordiziarren interesak erabat alboratuta”.