Sindikatuek aldi batekotasunarekin bukatzeko eskatu dute
Greba deialdia egin dute sektore publikoan ELA, LAB, CCOO, Satse, Esteilas eta ESK sindikatuek, apirilaren 22rako. Osakidetzako prekarietatearekin eta behin-behinekotasunarekin bukatzea lortu nahi dute.
ELA, LAB, CCOO, Satse, Esteilas eta ESK sindikatuek erkidegoko sektore publikoan greba deitu dute apirilaren 22rako, langile publikoen behin-behinekotasunarekin bukatzeko. Horren harira, atzo goizean kontzentrazioa egin zuten Zumarragako ospitaleko sarreran. Osakidetzako prekarietatearekin eta behin-behinekotasunarekin bukatzea eskatu zuten.
Egoera larria dela aipatu zuten sindikatuetako ordezkariek. «Pandemia izendatu eta urtebetera, osasun sektore publikoak krisi larri horri ustekabean, babesik gabe aurre egitera eraman gintuzten egiturazko arazo berberei eusten die eta horrek ondorio negatibo larriak ditu profesionalen eta herritarren osasunean eta segurtasunean».
Arazoa konpontzeko, enplegua sortzea eta finkatzea eta osasu publikoa defendatzea eskatu zuten eta pribatizazioaren aurka azaldu ziren. «Osasun sektore publikoan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabili da urteetan eta horrek eragin negatiboa izan du langileen lan baldintzetan. Lan eskaintza publikoen deialdia ez da nahikoa izan azken urteetan, kontratazioan iruzurra egin da, gehiegizko lan karga edo langile falta izan da eta birjartze tasak ezarri dira. Plantillak lan karga jasanezinak hartzen ari dira beraien gain. Premiazkoa da egungo ratioak hobetzea, lan kargak murriztea eta arautu gabe dauden eremuetan arautzea. Halaber, plantillak handitzea, aldi baterako milaka profesionalek betetzen dituzten egiturazko lanpostuak gehituta».
Bukatzeko, Osakidetzan aldi baterako 10.000 langile daudela eta lan eskaintza publikoan 3.535 plaza bakarrik eskaini direla salatu zuten.