Urretxun pasiotarrak eta Zumarragan 'paseotarrak'
Zumarragako plazako azokako baserritarren gunea oso estimatua da herriko paseatzaileen artean ere. Izan ere, neguan hotzetik eta euritik babesten die eta udan itzaletan paseatzeko aukera ematen die.
Ekainean pasiotarrek Urretxu utziko dute, urte luzetan herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde ekarpen handia egin ondoren. Zumarragan ez daude pasiotarrak, paseotarrak baizik. Pasiotarren argazki zaharretan ageri diren apaizgaiek bezala, taldean paseatzea dute gustuko. Eguraldi txarra egiten duenean eta eguzkiak gogor jotzen duenean, Zumarragako azokan paseatzen dute. Euritik, hotzetik eta bero itogarritik babesten dituen paseodromoan.
Zumarragako paseodromoa herriko plazan dago. Euskadi plaza Euskal Herriko plaza ikusgarrienetako bat da. Izan ere, oso handia da 10.000 biztanle baino gutxiago dituen herri batentzat eta, gainera, plazaren lau aldeak itxita daude eta lauetan arkupeak daude. Donostiako Konstituzio plazaren eta Bilboko Plaza Barriaren parekoa, baina txikiagoa noski.
Alde nagusian udaletxea, batzokia eta Ezkiotarra taberna daude. Bi hegaletan, berriz, hainbat taberna eta denda daude. Udaletxe parean dagoen aldea da eraiki zen azkena. Arkupeen gainean dagoen etxean jartzen duen moduan, plazaren alde hori 1954an itxi zen. Alde horretako arkupean ez dago denda eta tabernarik. Izan ere, azokan beraien produktuak saltzen dituzten baserritarrentzat eraiki zen.
Tipi-etapa
Baina eremu hori gehien erabiltzen dutenak paseatzaileak dira. Izan ere, azoka astean behin izaten da eta paseatzaileak, berriz, gainontzeko sei egunetan joaten dira bertara. Argazkian ikusi daitekeen bezala, adinekoek ariketa fisikoa egitea eta harreman sozialei eustea helburu duen Tipi-Etapa egitasmoko kideak ere paseodromora joaten dira eguraldi txarra egiten duenean.
Izan ere, toki babestua izateaz gain, erosoa da. Alde batetik bestera doan banku luze bat du atseden hartu ahal izateko eta herri erdian dago.
Paseatzaileek jubilatuen egoitza eta hainbat taberna ondoan dituzte, kafea hartzeko, indarrak berritzeko edo komunera joateko. Gainera, topalekua denez, sozializatzeko aukera ematen du.
Hori guztia gutxi balitz, inoiz baino ederrago ageri da. Duela gutxi udalak arkupea margotu egin zuen eta arkuak beirazko xaflekin estali zituen. Ordutik, aterpea eta itzala eskaintzeaz gain, hotzetik inoiz baino hobeto babesten du.