Zubimumuzu plazan elkartuko dira, kanturako
Euskal Herria Baterak Aberri Egunerako elkarretaratzea antolatu du, 12:30ean, Zubimuzu plazan. Euskal Herri osoa, batera, kantuan jarri nahi dute
Euskal Herria Batera dinamikak Euskal Herri osoa batera kantuan jarri nahi du igandean, Aberri Egunean. Beasainen, Zubimuzu plazan elkartuko dira, 12:30etan. Bertsolariek girotuko dute ekitaldia.
Euskal Herri bateratuaren aldeko manifestua ere irakurriko dute. “Gizarte konplexuetan handia da aniztasuna eta zail bihurtzen da batasuna. Posibleago da bateratasuna”, diote. “Bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar du Euskal Herriak”. Bateratasuna irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatzeko ardura hartu dute. Angel Oiarbide Ruizek, Garazi Hach Embarek Irizarrek eta Iñaki Dorronsoro Plazaola goierritarrek sinatu dute manifestua, besteak beste. “Mundu zabalean komunitarismoa ari da indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko”.
Ikurrinari omenaldia ere egingo diote. Halaber, balkoietatik zintzilikatzeko ere eskatu dute.