Milioi bateko soberakinarekin itxi dituzte iazko udal diru kontuak
COVID-19k markatu du aurrekontuaren kudeaketa. Diru sarrerak espero baino altuagoak izan dira. Beste 1.300.000 euro egiten ari diren inbertsioetarako gorde dira
Legazpiko Udalaren 2020ko aurrekontuaren kitapena positiboa izan da. COVID-19k markatutako urtea izan den arren, 1.003.061,30eurokoko soberakin erabilgarriarekin amaitu du ekitaldia.
Kitapena udal aurrekontuen hirugarren fasea da, eta osoko bilkuraren onarpenaren ondoren eta dagokion ekitaldi osoan zehar gauzatu ondoren egiten da. Horretarako, ekitaldi osoari dagozkion fakturak fiskalizatu eta Udal Finantzaketarako Funtsaren (UFF) likidazioa jaso behar da.
Iazko zenbakiei dagokienez, udaleko Ondasun sailak azaldu duenez, «pandemia urte gogor honek eragin oso garrantzitsua izan du ekonomian, oro har, baina baita ekonomia publikoan ere», eta horren eraginez, «2020ko aurrekontua COVID-19 pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoaren benetako eragina zein izango zen jakin gabe kudeatu behar izan dugu».
Diru galerak, gutxiago
Kitapena egiteko garaian, ordea, espero baino hobeak izan dira emaitzak. Otsailean, Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua bildu ondoren, diru sarreren beherakada 2020ko urrian aurreikusitakoa baino txikiagoa izan zela ikusi zuten, eta Legazpiko Udalak 349.203,36 euro gehiago jaso zituen.
Udal Finantzaketarako Funtsaren bidez jasotako diru sarrerak, berriz, aurreikusi baino handiagoak izan ziren, eta horri esker, eta «2020ko aurrekontuaren kudeaketa zorrotzari esker, non inbertsioen aurretik kaltetutako pertsona eta jarduera ekonomikoentzako laguntzak lehenetsi baitziren», 2020ko ekitaldia 2.301.723,25 euroko soberakin likidoarekin likidatu dute.
Kopuru horri 1.298.661,95 euroko soberakin gehigarria kendu behar zaio. Horiek 2020an gauzatu ezin izan diren baina oraindik egin behar diren gastuak dira, batez ere, egiten ari diren inbertsioak.
Beraz, 1.003.061,30 euroko soberakin erabilgarria geratu da. Horren erdia zertarako erabiliko denAlkatetzak erabakiko du, eta beste erdia, Osoko Bilkurak.