Legazpin eman daiteke izena Aldundiaren udaleku eta gazte oporraldietarako
Apirilaren 20an amaitzen da epea, eta internet bidez ere egin daiteke izen-ematea. Eusko Jaurlaritzak Auzolandegiak programa ere kaleratu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako udaleku eta gazte oporraldietarako izen-ematea Legazpin egin daiteke, Kultur etxeko harreran, 14:30etik 17:30era. Epea apirilaren 20an, asteartea, amaitzen da.
Udalekuak 7 eta 13 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta daude, eta gazte oporraldiak 14 eta 17 urte bitartekoei. Bi kasuetan, eskaerak banaka eta taldeka egin daitezke, eta talde bakoitzean hiru lagun izango dira gehienez.
Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako hainbat tokitan egingo dira udalekuak, zazpi eguneko iraupenarekin. Udaleku teknologikoak ere egingo dira, Hondarribian. 130 eurokoa da kuota orokorra, baina gutxiago ordainduko dute familia ugariek, guraso bakarrekoek edo bekadunek.
Gazte oporraldiak, berriz, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Extremaduran, Huescan, Menorcan, Guadalajaran eta Gaztela-Leonen izango dira, 7, 10 edo 12 egunez . Kuotak egun kopuruen araberakoak izango dira: 7 egunekoa 176 eurokoa (kuota orokorra), eta 10-12 egunekoa 242 eurokoa. Horietan ere beherapenak aplikatuko dira, familiaren arabera.
Internetez ere eman daiteke izena: www.gipuzkoa.eus/udalekuak.
Izena ematen dutenen artean zozketa egingo da apirilaren 27an, eta behin betiko izen-ematea apirilaren 28tik maiatzaren 6ra bitartean egin beharko da.
Auzolandegiak
Gazteek, bestetik, Eusko Jaurlaritzak udarako antolatutako auzolandegiak ere badituzte aukeran. 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude eta aurre inskripzioa egiteko azken eguna apirilaren 21a, asteazkena da.
Auzolandegiak erkidegoan, estatu mailan eta nazioartean egingo dira –nazioartekoak ez daude oraindik baieztatuta–, 15 eguneko iraupenarekin.
Informazio gehiago https://www.gazteaukera.euskadi.eus/auzolandegiak webgunean aurki daiteke.
Aurre inskripziorako datuak sartzeko identifikazio elektroniko bat beharko da, B@kQ adibidez. Txartel hori Legazpiko KZgunean lor daiteke, aurretik 943 02 36 63 telefonoan hitzordua eskatuta. Apirilean begiralea arratsaldetan dago, 16:00etatik 20:00etara.