Baheketa masiborik ez dute egingo Legazpin
Azken egunetan kutsatuen kopuruak gora egin du nabarmen eta intzidentzia tasa 1.605,42an kokatu da. Osasun Publikoak ez du kutsadura fokurik identifikatu, eta horregatik baztertu du, oraingoz, herrian baheketa masibo bat egitea.
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, Osasun Publikoak baztertu egin du herrian baheketa masiborik egitea, azken egunetan kutsatuen kopurua nabarmen igo den arren eta intzidentzia tasa 1.605,42ra iritsi den arren. Kutsadura fokurik ez du identifikatu, eta horregatik ez du egingo baheketarik.
Kontaktuen bilaketa “biziago bat” aktibatu dutela jakinarazi dio Osasun Publikoak udalari, eta orain 15 egunera luzatzen duela kontaktuen bilaketa, kontaktu mota guztiena, ez bakarrik kontaktu estuena.
Horren aurrean, udalak “zinez gomendatzen du familiaren edo lagunen bilerak edo ospakizunak ahalik eta gehien murriztea”, helburua ez baita soilik taldeetan biltzen diren pertsona kopuruaren muga errespetatzea, baizik eta “automuga arduratsuaren printzipioa aplikatzea” eta, egoera epidemiologikoa arrisku handikoa den bitartean, topaketa horiek atzeratzea edo ez egitea.
Banaka har daitezkeen konpromisoei ere egin die aipamena udalak, eta COVID-19aren edozein sintomaren aurrean “autoisolamendua” eta “autoarakatze prebentiboak” nabarmendu ditu.
Sintomarik izanez gero, bestetik, osasun zerbitzuari jakinarazi behar zaiola azaldu du, eta une horretatik aurrera, eta testa egin arte itxaron gabe, “norberaren burua berehala isolatzea da jarrera arduratsu eta gizalegezkoena”. Aurreko bi egunetan izandako kontaktu estuen zerrenda egin behar dela ere gogoratu du, eta zerbitzu medikoek edo aztarnariek emandako jarraibideak bete behar direla. “Zorroztasun jarrera bera izan behar da testaren emaitza itxaroten den bitartean edo emaitza jaso ondoren”.