'Made in Germany', Ataunen egina
Kalean eta salgai dago Unidad Alavesa musika taldearen hirugarren diskoa: 'Made in Germany'. Bihozberatasuna eta musikalitate landua dira ataundarren lan berriaren eskaintzaren ardatz.
Argia ikusi eta airea laztandu du dagoeneko Unidad Alavesa musika talde ataundarraren hirugarren diskoak. Made in Germany izenburudun bilduma osatu dute, Artza Records-en zigilupean lehenbiziko aldiz. 2017ko Unidad Alavesa eta 2019ko Martin Martin autoeditatu zituen; hirugarren diskoa ere, ordea, eta aurrekoak bezala, Beasaingo Pottoko estudioan Fredi Pelaezen gidaritzapean grabatu dute.
Astelehenean jaso zituzten diskoaren kopiak, eta Goierriko ohiko saltokietan erosgai ipini dituzte: Ataungo tabernetan, Lazkaoko Herrikoan eta Giroan, Beasaingo Irizarrenean… Kurioski, 9 abesti sartu dituzte oraingoan ere, beste bi bildumetako bakoitzean bezainbeste.
Made in Germany-k, besterik iradoki badezake ere, ez dakar Alemaniaren nagusitasunarekin loturarik. «Azalean Ataungo alemana esaten dioten pertsonaia bat azaltzen da, eta horregatik jarri diogu izen hori diskoari», dio Haritz Artola kideak. Sinple bezain herrikoi, Unidad Alavesaren musika bezala.
Malenkoniatsuagoa
Musikalki, «lasaiagoa» datorrela aitortu du Artolak. «Lehenengo diskoaren antza gehiago daukala esan digute, bigarrenarena baino. Hori bai, betiko estiloari fidel eutsi diogu. Aldatzeko zaharrak gara jada: gauza eta droga berriak gaztetan probatu behar dira», gehitu du, umoretsu.
Musikalitatean jauzi bat nabaritu da, lehengo astean aurreratu zituzten Arima zartatua eta Zegama abestiak entzunda. Talde-emaitza uztartuagoa, batuagoa, landuagoa; badok.eus-en entzun daitezke.
Hain justu, Zegamako herriari eskainitako abestiak nostalgiari ere egin dio lekua. Aita hangoa du Artolak, eta lankide zegamar baten eskakizun etenik gabeak xaxatuta, txikitako oroitzapenei eta lekuei egin die habia. Zegamako jatorriko bi musikari erraldoiren kolaborazioa izan dute, gainera: Gorka Urbizu lekunberritarrarena eta Iñaki Urbizu Pela gasteiztarrarena, biek ala biek aitak Zegamakoak. «Ume zoriontsu baten oroitzapen onenak, iltzaturik bere memorian», kantatu du, trikitian oinarrituta.
On cryer abestian Aitor Aldanondok ere parte hartu du.
Estreinaldia Ataunen
Kritika soziopolitikoari dagokionez, nahiko suabe ibili direla dio Artolak. «Ez gara asko pasatu letretan eta. Malenkoniatsuagoa da disko hau. Besteetan beti egoten da aiztokadaren bat norbaiten bihotzera. Baina oraingoan gehiago da maitasuna, txikitasun ebokazioak… 40 urtetik aurrera kontserbadore bihurtzen omen da bat, eta hori izango da», azaldu du, ironiaz.
Ataundarrez eta lazkaotarrez osatutako taldearen Made in Germany-k Ataungo DNA erabatekoa du, taldekide guztiak jada han bizi direlako. Hargatik, Ataunen egingo dute aurkezpen kontzertua, maiatzaren 8an, Herri Antzokian. Mañaria (14), Iruñea (15), Donostia (29) eta Lazkao (uztailak 17, skate parkean) dituzte gerorako lotuta. Abuztuan etenaldia egingo dute.