Jon Luqui da Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakari berria
Ainhoa Osinalde, Mikel Serrano eta Ines Benitez dira lehen, bigarren eta hirugarren lehendakariordeak. Astelehenean Legazpin egindako asanbladan hautatu dituzte
Jon Luqui Urretxuko alkatea aukeratu dute Urola Garaiko Mankomuniteko lehendakari berri erakunde hori osatzen duten lau udaletako agintariek. Legealdia amaitu arteko agintaldia hartu du bere gain Luquik, hau da, bi urtekoa. Ainhoa Osinalde, Mikel Serrano eta Ines Benitez dira lehen, bigarren eta hirugarren lehendakariorde berriak, hurrenez hurren.
Astelehen iluntzean bildu ziren batzar orokorrean Legazpiko Latxartegi aretoan Mankomunitateko lau udalerrietako ordezkariak, lehendakaria eta lehen- dakariordeak hautatzeko zeregin bakarrarekin. Joan den martxoaren 16an Koldobike Olabidek karguari uko egin zion, eta Josu Aztiriak hartu zuen bere gain lehendakaritza behin-behineko izaerarekin.
Lau hautagaitza
Batzarrean 41 agintarik parte hartu zuten, eta lau hautagaitzaren artean aukeratu zuten lehendakari berria. EAJko Luquik 15 bozka jaso zituen, EH Bilduko Osinaldek 12, PSEko Serranok zortzi eta Elkarrekin-Podemoseko Benitezek bi. Hiru botu zuri ere zenbatu ziren.
Ezkio-Itsasoko Mikel Igartuak eta Urretxuko Igone Nestarrek osatutako Adineko Mahaiak gidatu zuen batzarra, ordura arte Mankomunitateko idazkaria izandako Iñaki Gastañaresen laguntzarekin.
Lanerako prestasuna
Bozketa amaitu eta lehendakari eta lehendakariorde berrien izendapenak egin ondoren, Mankomunitateko agintari berriek hitza hartu zuten banan bana.
Ines Benitez izan zen lehena, eta gainerako alderdi politikoekin «zubi lana» egiteko prest dagoela adierazi zuen, erakundeko organoak indartzeko eta proiektu mankomunatuak sortzeko beharra nabarmentzeaz bat.
Serranok, azken agintzaritzaren inguruko kritikak izan zituen hizpide nagusi, besteak beste, Mankomunitatearen gidaritza txandakatuaren faltagatik, luzatutako aurrekontuengatik eta Zumarragako anbulatorioko zerbitzuaren auziagatik. Legazpiko Udaleko idazkariak eta kontuhartzaileak azken urteetan Mankomunitatean egindako lana eskertu zuen, bestetik.
Ainhoa Osinaldek, berriz, EH Bilduren lanerako duen prestasuna aipatu zuen.
Amaitzeko, Jon Luquik konfiantza puntu bat eskatu zien guztiei, eta Mankomunitatea osatzen dutenen arteko giroa hobetzea aipatu zuen erronkatzat. Lanerako prest dagoela adierazi zuen, azkenik.