Hil ala biziko asteburua Goierriko hiru pilotarirentzat
Jon Ander Albisu binakako txapelketa nagusiko finalerako sailkatuko da irabazten badu. Beñat Garmendia eta Xabier Erostarbe elkarren aurka arituko dira. Irabazlea Promozio txapelketako finalerako sailkatuko da.
Asteburu honetan hil ala biziko bi partida jokatuko dira eskuz binakako bi txapelketetan eta bietan goierritarrek parte hartuko dute. Txapelketa nagusian Peña II.ak eta Jon Ander Albisu ataundarrak, Altuna III.a eta Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute. Partida irabazten duena finalera pasako da. Igande arratsaldean jokatuko dute, Bilbon. Promozio txapelketan, Elordik eta Beñat Garmendia beasaindarrak, Zabalaren eta Xabier Erostarbe urretxuarraren aurka jokatuko dute. Kasu honetan ere, irabazleak finalera pasako dira. Partida hau bihar gauean jokatuko da, Zestoan. Bi partidak ETB1en emango dituzte.
Albisu txapelketako pilotari onenetakoa izaten ari da. Bigarren onena, EITBren rankingaren arabera. Gustura dago egiten ari den lanarekin: «Oraingoz gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Txapelketa hasieran gure helburua partidaz partida joatea zen. Ez dugu inongo presiorik eduki eta gauzak ondo atera dira. Lehengoan ezin izan genuen irabazi, baina gustura gaude egindako txapelketarekin».
Joan zen astean galdu izanaren ondorioz, aste honetan derrigor irabazi beharra dute. «Partida gogorra izango da. Tentsio handikoa. Orain arte beraien aurka jokatu ditugun bi partidak 22 eta 21 bukatu dira, bata beraien alde eta bestea gure alde», azaldu du ataundarrak.
Altunari izkin egiten saiatuko dira, noski. «Altuna aurrean egonda, ez dago despistatzerik. Ondo hasi beharko dugu eta partida gure alde eramaten saiatu beharko gara. Jokini izkin egin eta Joni lana ematen saiatuko gara».
Orain arteko txapelketa erregularrena duela aitortu du. «Partida txar bakarra egin dut eta Jon Anderrekin oso gustura ari naiz». Behin bakarrik eduki du finala jokatzeko aukera. Ordutik zortzi urte pasa dira dagoeneko eta, gainera, ez zuen finala bukatzerik izan Berasaluzek min hartu zuelako. «Ea berriro finalera heltzen naizen. Hamar urte pasa dira profesional mailara pasa nintzenetik eta gerra ematen jarraitzen dut. Esperientziak garrantzia du eta azken urteetan erregulartasuna lortu dut».
Beste bi goierritarrak
Garmendia eta Erostarbe ere atzelariak dira eta badute norengandik ikasi, Goierritik atera gabe. «Ondo ikusten ditut. Txapelketa ona egiten ari dira. Beñat Garmendia oso pilotaria da. Ez du beste batzuen kolpea, baina ondo jarrita egoten da beti eta aurrelariari asko laguntzen dio. Finalerdietako bigarren partidan txapelketako partida onena egin zuen. Erostarbek eskuarekin arazo batzuk izan ditu, baina dagoeneko urte batzuk daramatza profesional mailan eta bigarren mailan puntaren puntan dago».
Garmendiak hiru denboraldi daramatza profesional mailan eta hiruetan binakako Promozio txapelketa jokatu du. Duela bi urte ere finalerdietara heldu zen eta iaz eskuetan arazo asko izan zituen. «Duela bi urteko egoera berean nago, baina orduan baino hobeto iritsi naiz».
Partida gogorra espero du. «Zabala eta Erostarbe bikote indartsua dira. Ligaxkan bi partidak irabazi dizkigute. Baina finalerdietako partida hau zerotik hasiko da. Xabier txapelketa oso ona egiten ari da. Abiadura ematen dio pilotari eta egun ona badu, oso arriskutsua da. Zabala ere jotzaile handia da. Beraiek jarriko dute erritmoa eta gu partida gogortzen saiatuko gara».
Erostarbe ere gustura ageri da orain arte egindako lanarekin, baina finalerdietako ligaxkan komeriak izaten ari dira. «Lehen partida ez nuen jokatu gaixo egon nintzelako eta bigarrena eskuetatik larri bukatu nuen».
Atzo proba egin zuen eta ostiraleko partidan jokatzea erabaki du. «Orain arte ez dut arazorik eduki eta pena da, baina gauzak hala dira. Elordi eta Garmendia sasoian daude. Joan zen asteburuan oso partida gogor eta luzea izan zuten eta irabaztea lortu zuten. Azken asteetan gora egin dute. Aurkari gogorrak izango dira. Elordi maila honetako jokalari onena da eta bera saihestu beharra dugu».