Iosu Garai argazkilariaren erakusketa, Juan de Lizarazu aretoan
Argazki inpresionistak egin ditu. Basoen garrantzia ezagutzera eman nahi du. Argazkiak Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan egongo dira, igandera arte
Iosu Garai argazkilari legazpiarrak Zaindu: inpresionismoari keinu bat erakusketa ireki du Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Erakusketa hau igandea bitartean egongo da zabalik. Juan de Lizarazu aretoa 17:30etik 20:30era irekitzen da. Erakusketa honetan argazkilari «inkonformista» baten lanaz gozatzeko aukera ematen da. Garaik basoak zaindu beharraz kontzientziatzeko asmoarekin egin du proiektu hau.
Urrutitik begiratu behar
Erakusketako argazkiak inpresionistak dira. Pintura inpresionistako obrak pintzelada azkarrekin eta errealismotik aldentzeko asmoarekin egiten dira. Koloreak mihisean nahasten dira eta ez paletan eta argia, airea eta atmosfera islatzen dute. Figurek ez dute izkinarik, urrutitik begiratu behar dira zer diren jakiteko. Garai kameraren mugimenduaz baliatu da argazki inpresionistak egiteko, baina baselina eta objektibo bereziak ere erabili ditu. «Ez dut inongo programa informatikorik erabili lan hauek egiteko. Argazkiak Hanemüle Photo Rag 310 gramoko paperean inprimatuta daude eta 10 milimetroko foam-en muntatuak. Markoak Arrasateko Arte Lenizek egin ditu».
Basoak protagonista
Basoak sortzen dizkion sentimenduak transmititzen saiatu da legazpiarra: lasaitasuna, segurtasuna, armonia, sakontasuna, misterioa…
Urretxuko Juan de Lizarazuko erakusketan, argazkiak ikusteaz gain, Art Nature liburua eros daiteke. Liburu honetan, Garaik azkeneko urteetan ateratako argazkiak bildu ditu. Liburua Garairen webgunean ere eros daiteke.