Martinez Ojinagak hartuko du Arizkorretaren tokia CAFen zuzendaritzan
CAF Taldearen administrazio kontseiluak aho batez onartu du Javier Martinez Ojinagaren izendapena. Irailaren 1ean hartuko du Kontseilari Ordezkari kargua.
CAF Taldearen Administrazio Kontseiluak aho batez onartu du. Javier Martinez Ojinaga izango da CAFeko Kontseilari Ordezkaria. CAFek azaldu duenez, erabaki hau “epe ertain eta luzean taldeak aurre egin beharreko karga exekutibo handiaren eta luzerako aukera estrategikoen kontextuan” hartu dute. Taldearen arabera, “berariaz prestatutako ordezkatze prozesu” baten parte da izendapena. Irailaren 1ean hartuko du kargua,
Martinez Ojinaga Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta MBAn Glasgowko Unibertsitatean. 2015. urtean sartu zen CAFeko Kontseiluan, eta geroztik, Auditoretza-batzordeko presidentea eta kontseilari koordinatzailea izan da.
Andres Arizkorreta presidentearen hitzetan, erabaki honek “gaur egunera arte ekarri gaituen proiektuaren eta lantaldearen jarraipena” berresten du, eta “konfidantza osoa” agertu du “are urrutiago” eramango duela CAF taldea, “hazkunde, errentagarritasun eta jasangarritasun estrategiari jarraipena” emanez.
Martinez Ojinagaren ustez, “CAF taldeak zuzendaritza talde trebea eta konprometitua” du, eta harekin batera, “modu errentagarrian hazten” jarraitzeko asmoa agertu du, “produktu, zerbitzu eta merkatuen dibertsitate handiagoarekin, eta efizientzia handiagoa lortzeko etengabeko bilaketan”. Proiektu “iluisionagarria” dela azaldu du.
CAF taldearen ustez, hazkunde espektatiba horiek beteko direla pentsatzeko arrazoi sendoak daude, trengintza sektorea errekuperatzen ari delako batetik, eta bestetik, hirietako elektromugikortasunaren garapena dela eta; hain zuzen ere, arlo horretan “CAF taldea ondo posizionatuta” dago, tren eta autobus eskaintza konbinatzen baitu.