Zeraingo Aizpitako labeak egonkortzeko obrak maiatzean hasiko dira
Donostiako Teusa enpresak irabazi du prozesua eta sei hilabeteko iraupena izango dute lanek. Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa petrologikoa egingo du labe barruan
Aizpitako meatzetako labeak eraberritzeko eta txukuntzeko obrak maiatza hasieran hasiko dira, bi aste barru. Donostiako Teusa enpresak irabazi du prozesua eta dagoeneko esleipena sinatu dute enpresa horrek eta Zeraingo Udalak. Astelehenean izan zuten bilera bi aldeek obraren inguruko zehaztapenak egiteko. Sei hilabete iraungo dute lanek, maiatzetik urrira ondo bidean, eta meategiko hiru labeak egonkortzea izango da lan nagusia.
Amaia Junquera Zeraingo alkateak azaldu du proiektua «aukera bat» izan daitekeela herriarentzat eta ondareari balioa emateko izango da, berezitasun bat baitute labeek: ustiatzeari utzi ziotenetik bere horretan jarraitzen duten bakarrak dira inguruan, eta minerala daukate barruan. Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia saileko hainbat ikerlarik ikerketa petrologikoa egingo dute bertan kaltzinazio prozesua ikusteko. Proiektu osoaren aurrekontua 789.000 eurokoa izatea aurreikusi zen: 64.000 euro arkitektura proiekturako eta 725.000 euro obrak egiteko, baina azkenean obrak %10 gutxiago izango dira, 652.000 euro.
Espainiako Sustapen Ministeriotik obrak egiteko finantzazioaren %81 inguru jaso dute, eta Eusko Jaurlaritzatik 189.740 euro arkitektura proiekturako eta obrak egiteko.