«Norabide aldaketa» izango da Maiatzaren Leheneko aldarri nagusia
Goierrin bi manifestazio deitu dituzte biharko, LAB sindikatuak Beasainen eta Goierriko Kontseilu Sozialistak Urretxu-Zumarragan; ELA sindikatuak berriz, hiriburuetan egingo du protesta.
Bigarren urtez, COVID-19 testuinguruan egingo dira maiatzaren Leheneko, Langileen Nazioarteko Eguneko mobilizazioak eta osasun krisiaren bueltan eraiki dituzte protesta desberdinetako aldarriak, hain zuzen ere. Euskal sindikatu eta erakundeek, bakoitzak bere aldetik mobilizatuko dute langileria. Goierrin, LAB sindikatuak, Beasainen deitu du manifestazioa. Urretxu-Zumarragan ere egingo dute manifestazioa, Kontseilu Sozialistak deituta. ELAk, hiriburuetan deitu ditu mobilizazioak. Goierriko Pentsiodunek ere bat egingo dute, langileen egunarekin, eta protesta egitera ateratzeko deia egin dute.
LAB, Beasainen
Bihar, Beasaingo Zubimusu plazatik, 12:30ean, Aldaketa da aukera! Zaintza, lana bizitza, herria! lemapean manifestazioa egingo dute LAB sindikatuak deituta. «Norabide aldaketa bat eskatzen dugu. Osasun krisiak agerian utzi ditu hainbat ahulgune, eta exijituko dugu, pertsonen bizitza duina bermatzen duen kudeaketa eredu bat; osasun zerbitzu hobeak behar-beharrezkoak dira, zaintza lanean ari diren langileen baldintzak hobetu behar dira,… Azken finena, bizitzak erdigunean jartzea exijituko dugu». Ernai gazte antolakundeak ere bat egin du deialdi horrekin.
Kontseilu Sozialista, Urretxun
Urretxu-Zumarragan ere manifestazioan aterako dira langileak, Kontseilu Sozialistak deituta. Kalebarren plazatik abiatuko dira, 20:00etan. Goierriko Kontseilu Sozialistak nabarmendu du, «osasun larrialdi honek egiturazko krisi bati bide eman» diola, eta «proletargoarentzat garai ilunak aurreikusi» daitezkeela. «Datozen hilabete eta urteetan langile klasearen bizi baldintzen kaskartzea orokorra izango da, abiatua den kaskartzea. Kaskartze horretan ikusiko ditugu langileen kaleratze handiak eta diru sarreren estutzea, baina baita kontrolaren areagotzea eta askatasunaren urritzea ere, besteak beste. Langile mugimenduarentzat borrokarako urteak izango dira. Hala, osotasun berri baten aldeko borroka politikoari lotu behar gatzaizkio aurrera egiteko».
ELA, lau hiriburuetan
ELA sindikatuak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara eramango ditu Maiatzaren Leheneko errebindikazioak. Oria Goierri eskualdeko ELAko militanteak Donostian elkartuko dira Gipuzkoako gainontzeko militanteekin. Alderdi ederretik 11:30ean abiatuko dira eta San Telmo plazan emango diote amaiera. ELAk ere, osasun krisiaren eraginetan jarriko du begia: «Mundu guztian eta Euskal Herrian, milioika lagunen osasun eta egoera ekonomikoarentzako batik bat emakumeei dagokienez mehatxua den krisi sanitario honen erdian, hain zuzen premia horregatik, aldarrikatu nahi dugu aldaketarako garaia dela». Uste dute, «zirt ala zart egiteko unea» unea dela orain; «datozen aste eta hiletan hartuko diren erabakiek markatuko dute krisialdiari zer nolako irteera emango zaion».