Ezpata-dantza dantzatu dute Legazpin Santikutz egunean
Herriko jai nagusien ordez, kultur ekitaldiz beteriko asteburua izan dute Legazpin. Sustraiak dantza taldeak ohiko dantza saioa egin du plazan, Goiz Deia txistulari bandaren eta Ezpelur dultzaineroen laguntzarekin.
Legazpiarrek ezin izan dute ospatu herriko egun handia beti bezala, baina Sustraiak dantza taldeari esker, gozatu ahal izan dute ohiko ezpata-dantzaz. Maiatzaren 3an, Santikutz egunean dantzatu ohi izan da, eta aurten jairik ospatu ez bada ere, asteburu luzerako prestatu duten kultur egitarau zabalaren barruan egin diote tokia.
Eguerdiko 12:00etan hasi da ekitaldia, Euskal Herria enparantzan, baina udaletxe aurrean izan beharrean, albo batean kokatu da aurten ikuskizuna, ahalik eta publiko gehien sartu ahal izateko. Plaza itxita zegoen eta aulkiz beteta, ikusleen segurtasuna bermatu ahal izateko.
Ezpata-dantzaz gain, Sustraiak taldeko kideek soka-dantza, zinta-dantza eta larrain-dantza eskaini dituzte. Goiz Deia txistulari bandaren eta Iruñeko Ezpelur dultzaineroen laguntza izan dute.