Carlos Vico Goierrira etorriko da berriz beldurraz eta biziraupenaz hitz egiteko
Beldurrari buruzko hitzaldiak egingo ditu Urretxuko institutuan hilaren 20an, eta Zeraingo Udaberriko Kulturaldian ere parte hartuko du. solasaldi batekin eta biziraupen tailer praktiko batekin.
Survival Xtreme biziraupen eskolako Carlos Vico espezialista kataluniarra Goierrira itzuliko da maiatzean, beldurraz hitz egiteko eta biziraupen tailer praktikoa emateko. Urretxun eta Zerainen izango da, azken herri honetan Maiatzeko Kulturaldian parte hartuz. Goierritik kanpo ere izango da, Oñatin.
Maiatzaren 20a bete-betea izango du Vicok. Goizean, Urretxuko Jose Mari Iparragirre institutuko DBH-2ko ikasleei beldurrari buruzko hitzaldia egingo die, eta arratsaldean Zerainen egingo du beste bat, 19:00etan, herriko kultur etxean. Biziraupen teknikak ikasteko tailerra, berriz, hilaren 22an, larunbata, emango du, Aizpea inguruan, 09:00etatik 14:00etara. Azken honetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, Legazpiko Ekinhaz zentroan, 623 390 797 telefono zenbakian. Zeraingo kirol elkarteak antolatutako ekintzak dira azken biak. Oñatin, berriz, hilaren 21ean izango da, herri eskolako LH-6ko ikasleekin.
Vicoren Goierriko bigarren egonaldia izango da hau. Martxoaren amaieran Legazpin izan zen, Ekihnaz Osasun eta Errendimendu Zerbitzuak gonbidatuta. Beldurrari buruzko hitzaldi batzuez gain, mendiko biziraupen teknikei buruzko tailerra egin zuen.