Hirugarren Berdintasun Planerako ardatzak finkatu dituzte Urola Garaian
Aurreko planaren ebaluazioa eta egungo egoeraren diagnostikoa dira abiapuntuak. Lau ardatz eta lau urteko iraupena izango ditu udal elkartearen plan berriak
Urola Garaiko Mankomunitateko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Arloak finkatu ditu Ezkio-Itsason, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan garatuko den hirugarren Berdintasun Planerako ardatzak. Horretarako, aurreko planaren ebaluazioa egin dute, eta eguneko egoeraren diagnostikoa ere bai. Ondorioak aterata, laster hasiko dira hurrengo urteetarako plangintza zehazten.
Maitane Agirre eta Estibaliz Ripa teknikariek gidatu dituzte urrian hasi eta martxora arte Elhuyar aholkularitza zerbitzuaren batera egindako lanak, hirugarren Berdintasun Planaren lehen fasea osatzen dutenak. Maiatzean bigarren faseari emango diote hasiera, plangintzaren zehaztapenetan sartuta.
Lau ardatzen zehaztapena
Emakundek indarraldian duen Berdintasun Planari jarraituz zehaztuko da Urola Garaiko udal elkartekoa ere, eta hark bezala, lau ardatz izango ditu: gobernu ona, egoera sozioekonomikoa, emakumeen ahalduntzea eta indarkeria matxista.
Plana atal horietan oinarrituko dela zehaztu ondoren, bakoitzaren diagnosia ezagutzeko hainbat batzorde sektorial osatu dituzte eta bilerak egin dituzte, besteak beste, alor desberdinetako udal langile eta politikariekin, osasun alorreko ordezkariekin, Ertzaintzarekin eta udaltzaingoekin, hainbat eragilekin eta gizarte mugimenduetako emakumezko erreferenteekin.
Bilera horiez gain, taldeko elkarrizketak ere egin dituzte emakume kolektibo desberdinekin. Hezkuntza sistema ere sartu dute elkarrizketa horietan.
Atalez ataleko erronkak
Informazioa biltzeko fasea amaituta, diagnostikoaren zertzelada batzuk jakitera eman dituzte bi teknikariek. Hala, gobernu onaren alorrean, udaletan genero edo berdintasun politikak koordinatzeko arkitektura bat osatzeko beharra ikusi da.
Egoera sozioekonomikoari dagokionez, enpresetan kontziliazio neurriak ezarri beharra nabarmendu da, eta hezkuntzan, zentroetan hezkidetza proiektua izan arren, errealitatea aldatzen ari dela-eta, sare sozialetan jarri beharko da indarra. Zaintza ere kontuan hartu beharko dela esan dute, sektorearen lan prekarizazioari eta feminizazioari erantzuna emateko.
Emakumeen ahalduntzearen alorrean, erro sendoak dituen Jabekuntza Eskolaren inguruan hausnarketa planteatu dute, eta Emakumeen etxearen antolakuntza ere erronketako bat da.
Indarkeria matxistaren inguruko erronka, berriz, sentsibilizazio eta prebentzio programa errealitatera egokitzea da. Arreta protokoloa berregokitzea ere sartu dute erronken artean.
Abiapuntuak zehaztu dira, beraz, datozen lau urteetarako berdintasun planerako. Urola Garaiko udal elkartean martxan jarriko den hirugarrena izango da; lehena 2007-2010koa izan zen, eta bigarrena, 2016-2019koa. Dirudienez, eskualdean badago berdintasunarekiko sentsibilizazioa, baina baita zer egin ere.