Goierriko pilota, txapeldunorde
Jon Ander Albisu eta Peña Binakako pilota txapelketa nagusiko txapeletik hur geratu dira, finala 22-7 galduta. Beñat Garmendiak ere ezin izan du Promozio mailakoa jantzi

Ezin izan dute Jon Ander Albisuk eta Beñat Garmendiak txapelekin borobildu Binakako Txapelketan 1. Mailan eta Promoziokoak egin duten ibilbide bikaina. Baina finalera iristen denak bakarrik lor dezaketena badute: txapeldunorde dira, horren meritu guztiekin. Goraino iritsi dira biak ala biak, Jon Ander Peña eta Elordi aurrelariekin bakoitza.
Finala galdu izanaren pena apur bat irentsita, «egindako txapelketarekin gustura» agertu zen atzo Albisu ataundarra. «Finalera ailegatutakoan beti zer edo zer gehiago nahi izaten da, txapela alegia, baina begiratu behar zaio egindako bideari ere. Pertsonalki, gustura egoteko moduko txapelketa egin dugu, erregularra. Debutari batekin jokatzeak eta finalean egoteak gehigarri bat ematen diote. Hori bai, pena da txapela ezin lortua», zioen Jon Ander Albisuk.
Binakako maila nagusiko txapelak Elezkanok eta Zabaletak jantzi dituzte, 22 eta 7 irabazita. Nahi baino aiseago eraman zieten; asko jokatuta, egiari zor. «Hasiera ona eman genion. Zabaleta deseroso aritzea nahi genuen; moztuz eta ezkerrera arrimatuz saiatu ginen. Baina erditik aurrera ezinean aritu ginen gu. Eskua ere mindu zitzaidan, nahiz aitzakia hori ez den. Eurek asko jokatu zuten».
Iaz finalaurrekora eta aurten finalera iritsita, txapela bakarrik geratzen zaio Albisuri 2022an.
Harrera beroa iritsitakoan
Ataunen eta Goierrin oro har ilusio berezia piztu du Albisuren finalak. Herrian balkoiak eta leihoak kamiseta urdinekin apaindu dituzte, eta animo-mezu mordoa jaso du Albisuk, aste osoan zehar. «Eskerrak eman nahi dizkiet ataundarrei, aste guztiko animoengatik. Joaterakoan agur polita egin zidaten, eta etorrerakoan ere uste gabeko harrera, dantzekin eta bertsoekin. Oso eskertuta nago. Txapelarik gabe etorri gara, baina txapela handi bat lortu dugu».
Garmendiak, 11-22 galdu
Larunbatean, Promozioko Binakako finalean, Alberdi-Salaverri bikoteak irabazi zuen txapelketa. Elordi eta Beñat Garmendia beasaindarra 22 eta 11 menderatu zituzten, Adarragan. Bi urte darama profesionaletan Garmendiak, eta lehenengo finala jokatu du jada. Esperientzia poltsikoratuta, atzelari erregularra dela erakutsi du etorkizunerako.
Txapelaren sariaren faltan, Goierriko pilotak beste behin ikusi du ametsak egia bihurtzen.