HITZA eta GoiBerriko harpidedun berriak lortzeko kanpaina abian
Legazpiarren artean Goierriko Hitza egunkariaren eta GoiBerri aldizkariaren irakurle gehiago lortzeko kanpaina egingo da datozen egunetan. Harpidedun berriek gazta erdia jasoko dute opari
GOIERRIKO HITZA egunkarirako eta Goiberri aldizkarirako irakurle legazpiar gehiago lortzeko kanpainan murgildu da Goierriko Hedabideak. Legazpiko etxe guztietako buzoietara iritsiko den eskuorri bat banatzen ari da, euskara eta Goierriko informazioa ardatz dituzten bi komunikabide horien harpidedun egiteko gonbitea luzatuz legazpiarrei.
GOIERRIKO HITZA eta Goiberri harpidetzaren bidez jaso daitezke etxean. GOIERRIKO HITZA asteko lau egunetan argitaratzen da: asteartean, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean. Zortzi orrietan zehar, Goierriko herri guztietako informazioa zabaltzen dute bertan Goierri bertako kazetariek, euskara eta gaurkotasuna uztartuz. Goiberri ostiraletan argitaratzen da, gaurkotasunetik abiatuta eskualdean albiste diren gaiak sakonago landuz, eta kolaboratzaileei tartea eskainiz.
Gazta erdi bat opari
GOIERRIKO HITZA-ren urteko harpidetza kuota 80 eurokoa da, eta Goiberri-rena 55 eurokoa. Biak batera jaso nahi izanez gero, kuota 95 eurokoa da. Eta harpidetza maiatzaren 31 baino lehen egiten dutenek, Idiazabal gazta erdi bat jasoko dute opari.
Legazpi da Goierrin harpidedun gutxien dituen herria, eta besteen parean jartzea da erronka. Legazpin eta Goierrin gertatzen denaren berri euskaraz jasotzeko eta euskaraz irakurtzeko ohitura ez galtzeko aukera paregabea da, edo euskara ikasten ari direnentzako opari ezin hobea.