Legorretako Azintzio jaiak bertan behera geratu dira
Osasun krisiagatik festak ospatzeko baldintza egokiak betetzen ez direla eta bigarren urtez jarraian, bertan behera geratu dira.
Aurten ere ez dira Azintzio jaiak ospatuko Legorretan. Hala jakinarazi du Legorretako Udalak zabaldu duen oharrean. Aste honetan ospatuko lirateke, baina bigarren urtez jarraian, bertan behera geratu dira, osasun larrialdiagatik baldintza egokiak ematen ez direlako. Jarraian Udalaren oharra:
AZINTZIORIK EZ AURTEN ERE
Bukatu da alarma egoera, baina ez, inolaz ere, pandemia. Hamabost hilabete luzeren ondoren, egoera larria da oraindik. Pertsonak kutsatzen ari dira, gaixotzen, hiltzen… Txertatze kanpainak aurrera segitzen du, eta, pixkanaka-pixkanaka, gero eta herritar gehiago daude txertatuta. Espero izatekoa da, beraz, datozen hilabeteetan ehuneko handi batek hartuko duela txertoa, eta udazkenean beste panorama bat izango dugula.
Horretarako, ordea, datozen hilabeteetan ere arduraz jokatzea dagokigu. Ondotxo dakigu zein diren hartu beharreko neurriak: jantzi maskara, mantendu distantziak, garbitu eskuak, eta, ahal dela, ibili aire zabalean, eremu itxiak saihestuta.
Bihar, maiatzaren 12a, Azintzio bezpera dugu Legorretan. Egun maiteak ditugu herrian. Egunak, asteak eta hilabeteak ematen ditugu esperoan, dena prestatzen. Bigarren urtez, aurten ere ezingo ditugu ospatu gure herriko festak.
Luze doa, oso luze, baina iritsiko da eguna: egingo dugu herri afaria, ibiliko gara kalejiran txarangaren atzetik, parte hartuko dugu paella txapelketan, mozorrotuko gara…
Bitartean, jokatu arduraz eta gizalegez. Eta, elkartuz gero, neurriak hartuta ibili: asteburuan zikin-zikin agertu zen kiroldegi ingurua, eta onartezina da hori: mantendu ditzagun txukun gure kaleak. Elkar zaindu eta errespetatu dezagun, datorren urtean azintzioak ospatzeko moduan izan gaitezen