Nafarroa eta Oriamendi arteko igogailua, bidean
Hasita daude Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kalea lotuko dituen igogailua eraikitzeko lanak. 242.000 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko epea dute.
Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kalea lotuko dituen igogailua eraikitzeko lanak hasita daude. Irailerako amaitzea espero dute, bost hilabeteren buruan. Otegi Gaztañana eraikuntza enpresa ari da lanak gauzatzen. 242.624,16 euroko esleipen prezioa dute lanek.
Igogailuarekin «Beasain atseginagoa, erosoagoa, irisgarriagoa eta finean bizigarriagoa» izango dela dio udalak. Funtsean, Erauskin eta Garmendia Otaola kaleetako aldapen artean aukera irisgarria eraikiko dute. Nafarroa eta Oriamendi kaleak lotzeaz gain, Foru eta Nekolalde kaleetara iristeko aurretik dauden igogailuekin ardatz irisgarria osatuko du. Hiru igogailuak parean geldituko dira, azkena Urbietxeko eraikinaren alboan eraikitzen ari direlako.
Dolarean ere, lanean
Aranealderen egoitza berrira ere helduko da igogailu berria. Egungo egoitza utzi eta Urbietxeako beheko solairura lekualdatuko dira. Aldi berean, Nafarroa etorbideko mailan plazatxo bat sortuko da eskaileraren diseinu berriari esker eta bi kaleen artean kota desberdinetan aurkitzen diren lokal komertzialen irisgarritasuna bermatuko da.
Dolarea parkeko lanak ere bide onetik doaz. Hegoaldeko eskailerak eraitsi dituzte, esaterako. Lan honen helburuetako bat Dolarea parkea ere irisgarriagoa egitea da. Igartza aldera zabalduko da parkea eta monumentu multzoan txertatuko da.
Oria ibaiaren gaineko erlaitza ere itxura hartzen ari da. Espaloia txikitu gabe errepidea zabaltzeko ibaiaren gainetik hegal bat eraikiko dute.