Herriko artista handiak
Lehen Hezkuntzako 40 ikaslek hartu dute parte Arkatzaren marrazki lehiaketan. Sariak banatu dituzte eta lan guztiak ikusgai daude kultur etxean. Aurten uda ikastarorik ez da izango
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako Igor Andueza, Unai Gutierrez eta Irati Balenziaga, LH-3 eta 4ko Maren Davila, Danel Rodriguez eta Sarai Conejo eta LH-5 eta 6ko Eday Rodriguez, Kirvy Ricardo eta Paul Ibarnia dira Arkatza elkarteak antolatutako haurren marrazki lehiaketako irabazleak. Lehiaketa maiatzaren 1eko goizean jokatu zen, herriko 40 artista gaztetxoren partaidetzarekin.
Irabazleek Koldobike Olabide alkatearen eta Amaia Zaldua zinegotziaren eskutik jaso zituzten sariak joan den ostegunean, kultur etxeko areto nagusian.
Arkatzaren bi erakusketa
Arkatza elkarteko Dani Uribetxebarriak eta Rosa Mari Gutierrezek gidatutako sari-emate ekitaldia bukatu bezain pronto, ondoko gelan lehiaketara aurkeztutako lan guztien erakusketa ireki zuten. Erakusketa ostiralera arte egongo da ikusgai, 17:30etik 20:30era bitartean.
Maiatzaren 21ean, berriz, beste erakusketa bat irekiko du toki berean Arkatzak, marrazketa eta pintura eskolako helduen eta haurren taldeetako ikasleen lanekin osatutakoa. Ekainaren 4ra arte egongo da irekita, ordutegi berdinarekin.
Arkatzak 80-bat ikasle ditu ikasturte honetan. COVID-19aren ondorioz, talde txikietan banatuta egon dira, eta klaseak ekainaren amaierara arte izango dira. Aurten ez du udako ikastarorik antolatuko.