Markel Vesgak 16 urtez azpikoen Euskadiko xake txapela irabazi du
Legazpiko xake jokalari gazteak Euskal Herriko 16 urtez azpikoen txapelketa irabazi du asteburuan.
Markel Vesga Legazpiko xake jokalari gazteak Euskal Herriko 16 urtez azpikoen txapelketa irabazi du, asteburuan Gasteizen jokatutako finaleko jardunaldietan. Duela aste gutxi batzuk 18 urtez azpikoen mailan ere irabazi zuen txapelketa legazpiarrak.
Santikutz xake elkarteko Vesgak lau garaipen eta berdinketa bat lortu zituen Gasteizko Martintxo xake klubaren egoitzan jokatutako finaleko partidetan. Gipuzkoa, Bizkai, Araba eta Nafarroako 21 jokalari ziren lehian.
Garaipen honekin, uztailean Granadan jokatuko den Espainiako 16 urtez azpikoen txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu du Vesgak. 18 urtez azpiko txapelketan ere parte hartuko du, Granadan bertan.
Bestetik, taldekako txapelketan ere parte hartuko du ekainean, Asturiasen, 16 urtetik beherako beste bost xake jokalarirekin batera Euskadi ordezkatuz.
Legazpiko Santikutz Xake Elkarteko kidea izan arren, 2021eko denboraldian Abadiñoko (Bizkaia) taldearen babesean ari da Euskal Ligan lehiatzen Vesga.