Legazpiko organo zikloa maiatzera itzuli da
Kontzertuak parrokian izango dira, datozen hiru igandeetan, dohainik. Itziar Urbieta, Mikel Ansola eta Thomas Ospital arituko dira, bakarka. Legazpiko organoa oso estimatua da
Zazpigarren urtez, ospe handiko organo jotzaileek interpretatutako musika entzuteko aukera izango da Legazpiko parroki elizan, igandean hasi eta hilaren amaierara arte. Hiru kontzertuz osatutako Legazpiko Organo Zikloak ohiko datak berreskuratu ditu, maiatzeko igandeak; iaz, COVID-19aren eraginez, azaroan egin behar izan zen.
Ainhoa Enatarriagak koordinatuko du zikloa aurten ere, eta bera arduratu zen atzo Maite Lonbide zinegotziarekin batera kontzertuen xehetasunak eta organoari buruzko azalpenak emateaz. Emanaldiak maiatzaren 16an, 23an eta 30ean izango dira, 19:00etan, dohainik.
Hiru bakarlari entzutetsu
Ohi bezala, maila handiko kontzertuak izango dira organo ziklo honetakoak. Aurten hiru bakarlari arituko dira, Itziar Urbieta, Mikel Ansola eta Thomas Ospital, hiruak parrokiko organo erromantikoari doinurik onenak ateratzeko asmoz.
Legazpiko organoa oso estimatua da musikarien artean; 1905ean Aquilino Amezuak egindako organo zaharraren pieza batzuk mantentzen ditu.