Legazpiko eta Urretxuko gazte txokoetan lantzen ari den 'Beat-eroak', amaitzear
Rap doinuekin uztartuta, euskara modu dibertigarrian lantzea da helburua. Proiektu pilotua da, 12 eta 15 urte bitarteko 12 gaztek parte hartu dute. Gaur igoko dituzte bideoak sare sozialetara
Rap abestiak sortu dituzte, eta bideoak ere grabatu dituzte. Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzua eta Urretxu-Zumarragako Gazte Bidean lantzen ari diren Beat-eroak proiektu pilotua azkenetara iritsten ari da. Gaur sare sozialetara igoko dituzte bi bideo. Ondoren, Foru Aldundiak programaren balorazioa egingo du eta horren arabera erabakiko du Gipuzkoako Gaztematika sareko gainerako gazte txokoetan eta gaztelekuetan landuko den ala ez.
Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako gazteak aitzindariak izan dira euskararen lanketa eta rap doinuak uztartzen dituen ariketa berri honetan. Partaideek ondo igaro dute prozesuan, eta orain emaitzen zain daude.
Bideoak gaurtik ikusgai
Rap musikaren bitartez, gazteekin euskara zeharka eta era dibertigarrian lantzea da Beat-eroak proiektuaren helburua. Hainbat fasetan garatu da, eta partaideak errekrutatzetik abiatu zen, udaberriarekin batera. Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuan Eit Point izenpean bildu ziren 12 urteko zortzi neskak eman zuten baiezkoa. Urretxuko Gazte Bidean zerbitzutik, 13 eta 15 urte bitarteko lau mutilek erantzun zioten deialdiari.
Neskek berdintasunaren gaia aukeratu zuten lanketarako, eta mutilek, honako hau: gazteak izateagatik jasan behar duguna. Horien inguruan, rap erritmoaz lagundutako abesti bat osatzeko hitzak sortu behar zituzten. Ondoren, abestia bera interpretatu eta bideoan jaso behar zuten. Prozesu guztian, Iametza komunikazio enpresaren laguntza teknikoa izan dute gazteek, eta azken fasean, bideoaren grabaketan, luxuzko kolaborazio bat ere bai: rap munduan aritutako Donostiako Telmo Trenor beat-maker musikari ezagunarena.
Bi abestien bideoak osatuta daude, eta prest ikusgai jartzeko. Gaur bertan igoko dituzte sare sozialetara Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuak eta Gazte Bideanek. Protagonistak urduritasunari ezin eutsi daude.