Zumalakarregi Museoak Donostiako estanpen erakusketa berria ireki du
San Telmo museoarekin eta aldundiarekin elkarlanean antolatu dute. Urriaren 31ra arte egongo da ikusgai. Donostiak izan duen garapen urbanistikoa islatzen du erakusketak, besteak beste
Zumalakarregi Museoak Donostiako estanpen erakusketa berri bat inauguratu du. Urgullen magalean izeneko erakusketa da, eta Donostiako San Telmo museoarekin elkarlanean garatu dute. Atzo izan zen irekiera, eta bertan izan ziren Mikel Alberdi museoko artxibo arduraduna, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkatea eta San Telmo museoko ordezkaria.
San Telmo Museoaren, aldundiaren eta Zumalakarregi museoaren pieza ezberdinek osatzen dute erakusketa. «Guk aukeraketa bat egin dugu eta Goierrira ekarri dugu XIX. mendeko grabatuei buruzko harribitxi hau», azaldu du Alberdik. Bi zati ditu erakusketak: irudiak, batetik, eta hausnarketarako espazioa, bestetik. Izan ere, irudietan islatzen diren XIX. mendeko hainbat gai ere jorratzen ditu. Tartean, Donostiak izan duen garapen urbanistikoa.
Irudien garapenaren eta zabalkundearen inguruko hausnarketa ere bultzatzen du erakusketak: «XIX. mendean zeuden irudi bakarrak grabatuak ziren; XVIII. mendera arte elizetara joan behar zuten irudiak ikusteko, eta harrezkero zenbat irudi pasatzen diren gure begietatik, horren inguruko hausnarketa ere bideratu nahi genuke».
Telleria kultura zuzendariak museoen eta aldundiaren arteko elkarlana azpimarratu ditu: «Horrek ematen du indarra proiektuak sustatzeko eta etorkizunari begira beste hainbat gai jorratzeko». Urriaren 31ra arte egongo da ikusgai.
Aktualitateari begirada
Ilustrazio digitalari erreferentzia egiteko, Eli Ruperez artistak eginiko pieza inauguratuko dute ekainean, eta Irati Otamendi arkitektoak hitzaldia eskainiko du, Donostiako garapenaren eta Ormaiztegik bide herri bezala izan duen garapenaren arteko parekotasunaren inguruan. Irailean, ondo bidean, Ramon Lobo kazetariak ere hitzaldia emango du.