Barrendiola urtegiko bidea itxi egin dute hainbat konponketa lan egiteko
Bidearen eskubi aldean gertatu diren lur jauziak konponduko dituzte. Tesinsa enpresa ari da lanak egiten, hiru hilabeteko iraupenarekin. Asteburuetan oinezkoentzako irekiko dute bidea
Barrendiolako urtegiari buelta ematen dion bidea itxi egin du Gipuzkoako Urak zerbitzuak, eskuineko aldean egoera txarrean dagoen ezponda bat konpontzeko eta egonkortzeko. Tesinsa enpresa ari da lanak egiten 249.318,40 euroko aurrekontuarekin.
Urtegiko paretaren hasieran itxi dute bidea. Lanak paretaren amaierako mendi magalean egiten ari dira, bidera harriak eta lurra erortzen hasita zeudelako. Urtegiaren ohiko mantentze jardueraren barruan kokatzen dira lanak.
Exekuzioaren iraupena hiru hilabetekoa da, eta bitartean, bidea itxita egongo da ibilgailuentzako eta oinezkoentzako. Asteburuetan oinezkoentzako irekiko dute, paseoan jende asko ibiltzen den lekua delako eta mendiko ibilbide bat baino gehiago bertatik igarotzen delako. Ezker aldeko bidea irekita egongo da denbora guztian, baina asteburuetan ezin izango zaio buelta osoa eman urtegiari, ezta oinez ere.
Urtegia, %92,33an
Barrendiola urtegia Brinkola auzoan kokatuta dago, 541,84 metroko altueran. Goierri garaiko herriei ur edangarria hornitzeko funtzioa du, guztira 26.000 biztanleri.
Urtegiak 1.482.000 metro kubikoko edukiera du, eta atzoko datuen arabera, %92,33an dago beteta. Aurreko lau urteetan baino zerbait bajuago dago uraren maila: 2020an, %99,89; 2019an %97,66; 2018an %100, eta 2017an, %95,35.