Realak esker ona helarazi dio Legazpiko herriari Kopako finalean emandako babesagatik
Gurekin kanpainaren barruan, herriko bandera eman zion Legazpiko Udalak talde txuri-urdinari, Sevillako finalera eramateko
Realak gutun bat bidali dio Legazpiko Udalari, apirilaren 3ko Koparen finalera eramateko herriko bandera emateagatik esker ona adieraziz. Futbol partida hura publikorik gabe jokatu zen, baina zaletuak bertan izan ziren Gipuzkoako 88 udalerriren banderen bidez ordezkatuta.
Jokin Aperribay presidenteak sinatutako gutunean jasotzen denez, besteak beste, Gipuzkoako 88 banderekin korridore bat egin zuten futbol zelaian, bertatik jokalariak eta talde teknikoa igarotzeko.
Hemen Realak bidalitako gutuna:
Alkate andre agurgarria:
Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkizuegu, lehenik eta behin, Realarekin beti erakutsi duzuen konpromisoagatik eta, bereziki, Errege Kopako finala dela eta, eman diguzuen babesagatik. Milaka eta milaka gipuzkoarren ametsa egia bihurtu zen gure lurralde osoko ahalegin kolektiboari esker. Eskerrik asko bihotzez.
Banderen jarduera ez zen ekintza sinboliko hutsa izan. Harrotasunez eta energiaz beteriko ekitaldia izan zen gure taldearentzat. Futbolari eta staff teknikoko kide askok 88 udalerrietako banderekin osatutako pasabide hori zeharkatu zutenean sentitu zuten ilusioa harrotzeko eta finalera begira indarrez betetzeko beste arrazoi bat izan zen.
Sevillako partida historikoaren aurreko egunetan, gertu egotea eragozten zuten egoera zailak gorabehera, taldeak uneoro sentitu zuen Gipuzkoaren arnasa. Urrutitik konfiantza eta maitasuna helarazi zitzaizkion. Gero, baikortasun hori eta konbentzimendu hori Kartujako berdegunean islatu ziren.
lkusi ahal izan duzunez, gutun honekin batera zuen udalerriko bandera itzultzen dizugu. Reale Arenan islatu nahi izan dugun irudi batekin batera dator, eta zuen gustuko izatea espero dugu. Titulua elkarrekin ospatzea gustatuko litzaiguke,baina itxaron egin beharko dugu. Berandu baino lehen egingo dugu.
Azkenik, zorionak eman nahi dizkizuegu Koparen ondorengo egunetan Gipuzkoako herri bakoitzean izan den gizabidezko portaeragatik. Ez zen erraza titulu bat irabazi ondoren emozioak kontrolatzea, eta guztion artean beste erantzukizun-lan handi bat egin dugu Gipuzkoan. Harro gaude.
Gora Reala eta gora Gipuzkoa! Eskerrik asko bihotz bihotzez!
Adeitasunez
Jokin Aperribay