Txorien kantuak ezagutzeko ibilaldi gidatua Lekanazpirekin
Brinkola auzoan egingo dute txangoa maiatzaren 30ean, Gorka Valdes Etxeberriaren gidaritzapean. Izena eman behar da parte hartzeko
Lekanazpirekin txoriak txori lelopean, txorien kantuak ezagutzeko ibilaldi gidatua egingo dute Legazpin, maiatzaren 30ean, igandea. Lekanazpi elkarteak antolatu du ibilaldia, eta Gorka Valdes Etxeberria gaztea izango da gidaria.
Adin guztietako herritarrei zuzendutako ibilaldia izango da, zailtasunik gabea, Brinkola inguruetan. Katalejoak eramatea gomendatzen dute antolatzaileek. Irteera 09:30ean izango da, Lekanazpi bertatik. Valdesen azalpenek ordu bete inguruko iraupena izango dute, eta ibilbidea, guztira, 6 kilometrokoa izango da. Amaieran hamaiketakoa izango da Bergaretxe Geltokian.
Parte hartzeko aurrez izena eman behar da, https://labur.eus/lekanazpirekintxoriaktxori helbidean. Prezioa bost eurokoa da (12 urtez azpikoentzat, bi eurokoa), eta egunean bertan ordainduko da.