Legazpiko Udalari aitortza egin diote klimaren gaietan egiten ari den lanagatik
Klima eta Energiarako Alkateen Itunari atxikitutako 21 euskal udalerrietako bat da. Klima aldaketaren aurka egiteko garapen jasangarriaren Legazpi Klima 2030 estrategia aintzat hartu dute
Legazpiko Udalak Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso du trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren alde azken hamar urteotan egiten ari den lanagatik. Maiatzaren 19an Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldian jaso zuen aitortza, Klima eta Energiarako Alkateen Itunari atxikitako erkidegoko beste 20 euskal udalerrirekin batera.
Koldobike Olabide alkateak jaso zuen diploma Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiaren eskutik. Klima eta Energiarako Alkateen Itunari atxikitako 21 udalek ekintza klimatikoarekiko hartu duten konpromisoa nabarmendu zuen kontseilariak ekitaldian. Udalerri horiei egindako aitortza «2050. urtean isuriei dagokienez lurralde erresiliente eta neutro batera iristeko, toki eremutik klima aldaketaren eta energia trantsizioaren erronkan egindako lanarengatik» izan dela azaldu zuen Tapiak.
Legazpirekin batera, Gipuzkoako Donostiak, Irunek, Eibarrek, Errenteriak, Hondarribiak, Oñatik, Tolosak eta Usurbilek, Bizkaiko Bilbok, Abanto-Zierbenak, Balmaseda, Basaurik, Durangok, Mungiak, Muskizek, Ispasterrek, Portugaletek, eta Sestaok, eta Arabako Gasteizek eta Amurriok ere jaso zuten aitortza.
Legazpi Klima 2030
Eusko Jaurlaritzarekin batera, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Energiaren Euskal Erakundeak eta Udal Sarea 2030 erakundeak sinatu dituzte Klima eta Energiarako Alkateen Itunari atxikitako 21 udalei emandako diplomak.
Legazpiko Udalaren kasuan, trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren alde egiten ari den laneko hainbat puntu nabarmendu dituzte, hasteko, klima aldaketaren aurka egiteko garapen jasangarriaren estrategia izatea, Legazpi Klima 2030 izenekoa, hain zuzen.
Bestetik, udalerriko eta udaleko berotegi efektuko gasen isurien inbentarioa urtero kalkulatzea, udalerrian drainatze jasangarriko sistemak aplikatzeari buruzko azterlan bat egin izana, eta sentsibilizatzeko eta herritarrek parte hartzeko ekimenak aurrera eramatea ere aintzat hartu dituzte Legazpiko Udalaren jardunetik.
Alkateen ituna
Alkateen Klima eta Energia Ituna (Covenant of Mayors for Climate and Energy) nazioarteko ekimena da, klimaren eta energiaren tokiko ekintzaren inguruan mundu osoko herriak eta hiriak batzen dituena. Itun horretan 61 herrialdetako 10.000 tokiko eta eskualdeko gobernu baino gehiago biltzen dira. Guztiek klimaren eta energiaren nazioarteko helburuak ezartzeko konpromisoa dute.
Itunera batuta dauden 21 euskal udalerrien artean 1,7 milioi biztanle bizi dira, erkidegoko biztanleria osoaren erdia baino gehiago (2,2 milioi).