Elias Sagastizabal jeltzale legazpiarra hil da
Zinegotzia izan zen Legazpiko Udalean bi legealditan, eta urte luzez herriko uri buru batzarreko lehendakaria.
Legazpiko EAJko erreferente handienetakoa izandako Elias Sagastizabal Lopez hil da gaur, 75 urte zituela.
Sagastizabal zinegotzia izan zen Legazpiko Udalean EAJ ordezkatuz 1983 eta 1987 bitarteko legealdian, Jose Ignazio Elorza alkate zela. Hurrengo legealdian, berriz, EAJ eta EAren arteko banaketa gertatu ondoren, EAJren alkategai izan zen.
Udalari urteetan eskainitako dedikazio horrez gain, Sagastizabal Legazpiko EAJko Uri Buru Batzarreko lehendakaria ere izan zen 1991 eta 2020 urte bitartean.
Haren ondorengoa den Erik Galvezek adierazi duenez, Sagastizabalen heriotza «kolpe handia» izan da Legazpiko alderdi jeltzalearentzat, baita berarentzat ere maila pertsonalean: «Maixu bat izan zen niretzat, erreferente handia». Herrian «hutsune handia» utziko duela ere esan du.
Elias Sagastizabal Lopezen aldeko hileta elizkizunak bihar izango dira, Legazpiko parrokia elizan, 19:00etan.