Antxon Burcio gogoratu dute Aizkorrin egindako ekitaldi batean
Abenduan hil zen mendizale legazpiarraren lagunek eta senitartekoek antolatu dute omenaldia, Aizkorrin, "haren mendi kuttunean".
Iazko abenduan hil zen Antxon Burcio mendizale legazpiarra gogoratzeko, haren senitartekoak eta lagunak Aizkorriko tontorrean elkartu dira gaur goizean, eta omenaldi txiki bat eskaini diote.
“Ekitaldi xumea” izan dela esan du Burcioren lagun handia zen Txusma Perez Azazeta mendizale eta idazleak, “baina aldi berean, oso hunkigarria”. Aurreskua dantzatu diote familiari, eta lore sorta bat eta beste opari batzuk entregatu dizkiote. Ekitaldiari amaiera emateko, “topa egin dugu Antxonen alde, Antxonek berak emandako ardoarekin”. Omenaldirako Aizkorri aukeratu dute, hori zelako haren “mendi kuttuna”.
Antxon Burcio 202oko abenduaren 20an hil zen, 64 urte zituela. Mendizale amorratua, mendian garatu zuen bere lan jarduna ere. Euskal Mendizale Federazioan 30 urtez teknikari izan zen, besteak beste. Zegama-Aizkorri mendi maratoian edota Ehun Milak lasterketan egindako lanagatik ere ezaguna zen. Brinkolako eskoletan maisu izan zuen Avelino Sanchez de Isasiak kutsatu zion mendizaletasuna, eta lehenik Euskal Herriko eta Pirineoetako mendi altuenak zeharkatu eta gero, Alpeak eta Andeak ere ezagutu zituen gero, besteak beste.
Argazkiak: Txusma Perez Azazeta