Bertako produktuak sustatzeko lehen jardunaldia egin dute Itsason
Herriko plaza izan da elkargunea; salmenta postuak, nutrizio tailerra eta dastaketa izan dira bertan.
Bertako Produktuen Sustapenerako lehen jardunaldi arrakastatsua egin dute gaur arratsaldean Itsason, herriko plaza nagusian, eguraldia lagun izan dutela. Itsasoko Batzordeak antolatuta, azokari lagunduz hainbat ekintza izan dira, elikadura osasuntsuari buruzko tailerra batetik, eta Ostatuko Manu Hernanedez sukaldariak prestatutako jakien dastaketa bestetik
Azokan era askotako produktuak izan dira salgai: barazkiak, esnekiak, frutak, zeramikak, ogia, pastak, osagarriak… Itsaso bertako Urteaga-Urkulegi baserrikoak, Pott Keramikakoak, Isla Pitxietakoak eta Hariztizabal baserrikoak izan dira bertan, Olaberriko Etxeberri Goikokoekin eta Gabiriako Araiz osagarri eta pitxi egileekin batera.
Azoka irekita egon den bitartean, Elikaduratik ongizatera, bertatik bertarako elikagaietatik nutrizio tailerra eskaini du Amaia Aierbek udaletxeko ganbaran, eta sukaldaritza ikuskizuna izan da plazan, Ostatuko sukaldariak eskainita. Amaieran, prestatutako jakiak dastatzeko aukera izan dute itsasoarrek.