Aurtengo ordenantza fiskaletan aldaketak egitea onartu du plenoak
COVID-19aren ondorioak arintzeko, ostalariei eta merkatariei hobariak aplikatuko zaizkie tasetan. Bikuña-enea plazako obretarako kreditu aldaketa bat ere onartu du udalak.
Zerrendan hiru gai nagusi zituztela, joan den astean egin zuten Legazpiko udal ordezkariek maiatzeko udalbatzarra. Udaletxeko pleno aretoan COVID-19ak eskatutako segurtasun neurriak oraindik bete ezin direnez, bilera telematikoa izan zen.
Bikuña-enea plazako obretarako, 2021eko aurrekontuan kreditu aldaketa bat egitea, ordenantza fiskaletan hainbat hobari sartzeko aldaketa batzuk egitea eta Patxi Otaegiri bake epaile kargua berritzea onartu zuten bileran alkateak eta zinegotziek, puntu guztiak aho batez.
Bikuña-eneako obrak
Bikuña-eneako plazako obretarako partidari 75. 000 euro gehitzea onartu zuten lehenik udalbatzan: plaza horretako etxebizitzetako eta garajeetako ja- beekin batera egingo ditu lanak udalak, eta hasiera batean 254.000 euroko partida aurreikusi zuen 2021eko aurrekontuetan. Orain, 75.000 euro gehitzeko kreditu aldaketa bat egin behar du, eta tramite horri baiezkoa eman diote. Bozketan abstenitu egin ziren plazan bertan bizi den alkatea eta Lekanazpi elkarteko bazkide diren Ibon Altzelai eta Igor Romaratezaba zinegotziak. Gainerakoek, alde bozkatu zuten.
Aldeko botoa jaso zuten, baita ere, COVID-19aren ondorio ekonomikoak arintzeko asmoz aurtengo ordenantza fiskaletan ezarriko diren hobariek.
Lau hobari mota sartu dira ordenantza fiskaletan. Lehenik, 2021eko lehen eta bigarren seihilekoei dagokien hondakinen bilketa tasaren %100eko hobaria izango dute ostalaritza eta turismo sektoreentzako diru laguntza programaren onuradun diren jarduera ekonomikoek. Bestetik, aurtengo bigarren seihi- lekoari dagokion hondakin tasaren %100eko hobaria izango dute merkatariek. Hirugarrenik, %100eko hobaria izango dute bizilagun elkarteek eta irabazi asmorik gabeko gainerako elkarteek Latxartegi aretoa bileretarako erabiltzean. Eta azkenik, beste %100eko hobaria izango dute ostalariek terrazak jartzeagatik ordaindu beharreko tasetan.
Bake epaile, beste lau urtez
Maiatzeko udalbatzan, bestetik, Patxi Otaegik beste lau urtez bake epaile karguarekin jarraitzea onartu zuten aho batez, egindako lanagatik eskerrak ematearekin batera.